Distantzia Luzeko XI. Espainiako Txapelketan lehiatu dira oriotarrak

Karkara 2021ko ots. 21a, 10:25
Argazkiak: Joxemari Olasagasti

Orio Arraunketa Elkartea bi ontzirekin izan da Galizian, biak gizonezko absolutuetan jokatzeko. Podiumik eskuratu gabe etxeratu dira, baina lan txukuna eginda.

Ourensen, Castrelo de Miñoko Parke Nautikoan jokatu ziren atzo, larunbata, Distantzia Luzeko XI. Espainiako Txapelketako lehiak. Oriotarrak ere bertan izan ziren, bi ontzirekin.

Batetik, gizonezko absolutuetan skiff bakarkakoan Oihan Gozategi lehiatu zen, eta 19. postuan sailkatu zen (58 partaidek hartu zuten parte). Bestetik, gizonezko absolutuetan, lemazain gabeko bikoan parte hartu zuten Imanol Garmendiak eta Jon Carazok, eta horiek bosgarren sailkatu ziren, 19 partaideko txapelketan.

Azken horiek zorte txarra izan zuten, estropada hasi orduko lema apurtu zitzaielako. Hala ere bosgarren egin zutenez, pentsatzekoa da ezbehar hori gabe podiumera igoko zirela, iaz bezala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!