Pianoarekin jotako kantu goxoarekin itzuli da

Iñigo Gaiton 2021ko ots. 24a, 10:02

‘Zin dagit’ izena duen abestia eman zuen argitara Julen Alonsok otsail erdialdera. Trikitia alboan utzi eta pianoan grabatu du kantu berria, norberaren buruari izan beharreko maitasunaren gainean.

Otsailaren 10ean eman zuen argitara Zin dagit abestia Julen Alonso musikariak, Zarauzko Torreoian grabatutako bideokliparekin batera. Aurretik eginda dituen kantuekin konparatuta, bada aldaketa nabarmen bat berrian: trikiti doinuak alboan laga eta pianoarekin lagunduta grabatu du abestia. «Jendaurrean trikitiarekin agertu izan naizen arren, pianoarekin eta akordeoiarekin egin nituen aurreneko urratsak musika munduan. Kontzertuetarako ez, baina sorkuntza prozesuan beti baliatu izan dut pianoa abestiak egiteko».

Instrumentuan eserita eroso sentitu izan da betidanik, eta horregatik, entzuleengana pianoarekin zuzentzeko ilusioa zuen aspalditik; publikoaren belarrietara etxean jarduten duen bezala iristekoa. Hala azaldu du musikari gazteak, instrumentuak eskaintzen dizkion aukerak nabarmenduz: «Nota baxuagoak jotzeko aukera ematen dit, eta hori gustatu egiten zait. Izan ere, nota baxuenak dira entzulearen barrura gehien sartzen diren frekuentziak, indartsu sentitzen dira barruan. Trikitiak, adibidez, ez du hori».

Gustura agertu da plazaratu duen azken piezarekin: «Melodia nirea da, eta hitzak Eneritz Aulestiarenak». Aitortu duenez, nahikoa modu jarraituan konposatu zuen melodia, segidan: «Pianoa jotzen ari nintzela, gauzak probatzen, oso kontziente izan gabe egin nuen abestia, erreskadan atera zitzaidan». Normalean gertatzen zaion bezala, oraingo honetan ere gauez sortu zuen kantua, ordu txikietan.

Disko berria labean
Alonsok zalantzak izan ditu pieza berria argitara eman aurretik. «Trikitiarekin aritzeagatik ezagutzen nau jende gehienak, eta aldaketak izan zezakeen erantzunak kezkatu egiten ninduen. Dena den, oso pozik nago aurrera egin izanaz. Orduak egiten ditut pianoan eserita, eta orain, kantua entzundakoan, ni neu naizela sentitzen dut», baieztatu du oriotarrak.

Abesti bakoitzak kolore jakin bat du musikariarentzat, eta horrek eraman dezake instrumentu bat edo bestea aukeratzera. Aurrerantzean, askeago sentituko da aukeraketa egiteko: «Ez diot mugarik jarri nahi nire musikari. Ez nuen beti trikitia sartzera behartu nahi nire burua eta, orain, pisua kendu dut gainetik. Abestiak harrera ona izan du, eta horrek ere laguntzen dit hartutako erabakia ona izan dela sinisten».

Izan ere, bigarren diskoa prestatzen ari da Alonso, eta bere burua kokatu nahian dabil, bilaketa betean.«Kantu hau bakarrik eman dut argitara, single modura, baina oraindik ez dakit zer bide hartuko duen sortzen ari naizen diskoak; azken kantu honek bidea bakarrik egin duenez, lizentzia handiagoa hartu dut esperimentatzeko», azaldu du. Disko oso bat kaleratzean, ordea, «abesti guztiek zentzu bat» izan behar duela iritzi dio, norabide bat, eta erabakiak hartzea zailagoa izaten dela azpimarratu du.

Alonsok eginak ditu bere bigarren diskoa izango denaren kantu guztiak, eta orain abestiak fintzen ari da musikarekin. «Urte amaiera aldera argitaratzea gustatuko litzaidake».

Puntako musikariekin
Zin dagit abestiarekin batera bideoklipa ere plazaratu du Alonsok. Entzuleen kontsumo ohitura berrietara egokitzeko saiakera egin du: «Musika kontsumoaren zati handi bat telefonoaren bidez egiten da gaur egun, eta hori kontuan hartuta, kantuarekin batera bideoa ateratzeak lagundu egiten du jendearengana iristen, edo hori iruditzen zait niri». 
Sutan dantzan diskoari eta  izen bera duen ikuskizunari erreparatuz gero, bistan da Alonsok azken urteetan egin duen apustua, puntako musikari zein dantzariekin lan egiten saiatu baita. Halaxe izan da bideoklipean ere: «Bideoan Eneritz Aulestia ikusten da kantari nirekin batera, eta Garazi Egiguren dantzan. Nagore Murielek egin zituen zuzendari lanak. Abestiaren grabaketari dagokionez, Iker Telleriak perkusioa grabatu zuen, Ander Ederrak gitarra, Joanes Ederrak baxua eta Xabier Zeberiok sokak», zehaztu du.

Azken urteetan sorkuntza eta produkzio lanean egindako ahalegina handia izanagatik, gustura dago jasotzen ari den guztiarekin. «Sutan dantzan diskoa eta ikuskizuna, biak nik produzitu nituen, eta kudeaketa gaiei lotutako lan asko egin behar izan genuen dena aurrera ateratzeko. Orain, Bidean produzkioak etxearekin lan egiteko aukera suertatu zait, eta aurreantzean musikan gehiago zentratzea gustatuko litzaidake, sorkuntzan».

Agurtu aurretik, eskertuta agertu da, izurrite garaian zortzi kontzertu emateko aukera izan duelako. «Azpeitian 500 lagunen aurrean jo genuen, eta ikaragarria izan zen, egindako lan guztiaren saria. Ni lotsatia naiz oso, baina ibilian-ibilian, oholtzan etxean bezala sentitzea lortu dut; horregatik, amorratzen nago berriro gora igotzeko».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!