"Oinez ibiltzeak onurak dakartza fisikoki zein psikologikoki"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko ots. 26a, 09:48
Nerea Ostolaza. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Ibilaldi osasungarriak antolatu ditu minbiziaren aurkako elkarteak Orion. Astearte goizetan biltzen dira, eta herritar guztiei zuzendutako ekimena dela azaldu du Nerea Ostolazak.

Zer dela eta antolatu dituzue ibilaldi osasungarriak Orion?
Minbizia izan nuenean, lagun batek gomendatuta, minbiziaren aurkako elkarteak Zarautzen duen bulegora jo genuen. Elkarteak hainbat arlotan ematen du laguntza; tartean, egoerari aurre egiten ikasteko laguntza psikologikoa ematen du. Oso ondo artatu gintuzten eta ondoren jarraipena ere egin zidaten. Eskerrak eman nahi dizkiot elkarteari, horrelako egoera batean ezinbestekoa delako gaiaz hitz egitea eta barruan duguna ateratzea, lasaitzeko balio baitu. Ordutik, harremanetan izan naiz beraiekin. 
Duela, sei-zazpi hilabete psikologo berri bat hasi zen lanean Zarauzko egoitzan, eta bera arduratu zen ibilaldi osasungarriak antolatzeaz. Donostian lehendik egiten ziren, eta Irunen,  Hondarribian eta Zarautzen ere antolatu zituen ibilaldi osasungarriak. Orion ere proiektua martxan jarri nahi zuen elkarteak eta niri deitu zidaten. Gustura hartu nuen proposamena, frogatuta dagoelako ariketa fisikoa egitea osasungarria izateaz gain, gaixotasunak saihesteko lagungarria ere badela. Dena dela, ibilaldi osasungarriak minbiziaren aurkako elkarteak antolatzen baditu ere, herritar guztiei zuzendutako ekimena da, eta ez da aparteko forma fisikorik izan behar parte hartzeko.

Astean zenbatero biltzen zarete?
Astean behin elkartzen gara; ordu eta laurden inguruan 5-6 kilometroko ibilaldia egiten dugu kontu-kontari, bakoitza bere martxan. Horrek laguntzen du gaixotasunak saihesten. Astean behin biltzen garen arren, gerta liteke taldetxo polit bat sortzea eta egun gehiagotan elkartzea.

Zer moduzko erantzuna izan du ekimenak Orion?
Ez da jende gehiegi animatu. Ibilaldi osasungarrietan elkarteko bi boluntariok parte hartzen dugu, eta lehen hitzorduan beste lau lagun etorri ziren. Gustura geunden erantzunarekin, baina ez da erraza izaten jendearen ordutegiak bateratzea, denok ditugulako gure lanak eta betebeharrak. Horregatik, bik taldea utzi behar izan dute, eta orain lau izaten gara, guztira.

Ibiltzera joateko ohitura ba al dute oriotarrek?
Bai, Orion jendeak badu ohitura hondartza aldera ibiltzera joateko, baina taldean errazagoa dela iruditzen zait. Gainera, badira herritarrak bakarrik ibiltzea gustatzen ez zaienak, eta pertsona horiei astearteetan 10:00etan ariketa fisikoa egiteko aukera eskaini nahi diegu; ez dira bakarrik sentituko, beraien egoera berean dauden beste oriotarrekin batera egongo direlako. Eguraldia ere ez da oztopo izaten, eguraldi ona izan zein euria egin, beti ateratzen baikara ibiltzera.

Adineko jendea animatu al da ibilaldi osasungarrietan parte hartzera?
Taldeko gazteena naiz ni, eta gainontzekoek 55-60 urte inguru dituzte. Oraingoz ez da adinekorik animatu, baina ongietorriak dira. Zarautzen, esaterako, adineko jende dezente juntatzen da ibilaldi osasungarrietan. Gehienak emakumeak dira, baina badaude 80 urtetik gorako bi gizon ere. Aitortu behar dugu azken hilabeteak nahiko zailak izan direla herrian. Asteak pasa ditugu COVID-19aren intzidentzia tasa oso altuarekin, eta, agian, egoera epidemiologikoak eragina izan du.
Azpimarratu nahi dut segurtasun neurri zorrotzak betetzen ditugula. Eusko Jaurlaritzaren baimena dugu seiko taldeak osatzeko; jende gehiago elkartzen bagara, berriz, gehienez seiko taldeetan ibiltzen gara; une oro maskara jantzita eramaten dugu eta segurtasun distantzia mantentzen saiatzen gara. Horregatik, jendea animatu nahi dut ibilaldi osasungarrietan parte hartzera. Nik neuk lehen pertsonan bizi izan ditut ariketa fisikoaren onurak. Oinez ibiltzearekin bakarrik asko aurreratzen da; umorea aldatzen du etxetik ateratzeak, kalean ibiltzeak eta besteekin kontu-kontari aritzeak, eta oso baliagarria da gaixotasunetatik errekuperatzeko edo horiek saihesteko, fisikoki zein psikologikoki.

Uste duzu gaixotasunen bat gainditu duzuenok ariketa fisikoaren onuraz kontzienteago zaretela?
Orokorrean nahiko gizarte sedentarioa gara, eta joera hori areagotu egiten dute telebistak, smartphone eta tabletek edo ordenagailuak. Horregatik, garrantzitsua da bizimodu sedentarioa daramagula ohartzea eta geure burua ariketa egitera bultzatzea. Gaixotasunen bat gainditzeko tratamendu gogorren bat pasa ondoren, ohartzen gara gorputza moteldu egiten dela eta indarra galtzen dela. Erraza da atsekabean erori eta gure etxean geratzea, baina mugitzea errekuperatzeko bide bikaina da, eta gogor egin behar diogu geure buruari. Bestetik, badira beste asko bakarrik bizi direlako ordu asko pasatzen dutenak etxean, inongo ilusiorik gabe. Horientzat ere aukera bikaina da taldean ibiltzera ateratzera. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!