PAPEREKOA

Iritzia: Amor Fati

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Brit 2021ko ots. 27a, 14:30

Ameriketako Estatu Batuetan bizi den Joseba Britek iritzi artikulu hau idatzi zuen otsaileko KARKARA aldizkarian.

Egunerokoan eta bizitzan gertakari eta ezusteko ugari izaten ditugu. Gutako bakoitzak, ordea, desberdin erreakzionatzen du horien aurrean.

Hona hemen adibide batzuk: Autoan goazela baten batek zirt-zart batean aurreratu gaituelako haserretu, bozina jo eta erdiko hatza altxatzea. Bikoteari, afalostean, beste behin ere buruko mina duelako, kamamila bat egin eta maite zaitut esatea. Erosi nahi dugun etxea beste baten eskaintzagatik galdu dugulako, sakon arnastu, eta guretzako ez zela sinistea. Lantokian, azken proiektua sekula baino hobeto egin arren, nagusiak ezer esan ez digulako lana uztea pentsatzea. Hiru astez etxean sartuta egon behar eta, aspalditik irakurtzeke nituen bi liburu horiek irakurtzeko aukeraz poztea. Hilabeteak lasterketa baterako entrenatzen jardun ostean, bertan behera gelditu delako, hurrengoan azkarrago izateko aukera izango dugulakoan plana egitea. Oraintxe bertan zerbait nola egin ez dakigulako inoiz jakingo ez dugula sinistea. Lana ustekabean galdu ostean, familiarekin aspaldian gozatu gabeko asteburu pasa egitera joatea. Inprimagailua berriz ere paperarekin ito delako, guztiz kontrola galdu eta ukabila estutuz kolpe batzuez zigortzea madarikatu hori. Bizikletan auto baten kontra sekulako istripua izan eta mina bakarrik dugulako zorionez negar egitea. Ex-ak diru denak bereak direla eta, abokatuetan borrokan ibilita etorkizuneko itxaropen den-denak galtzea. Azkenean gustuko dituzun zapatak nahi dituzun kolorean ez daudelako, “hau ere niri gertatu behar” pentsatzea. Ospitaleko larrialdietara joan eta hiru orduz itxaron behar bada ere, larriago daudenei lehentasuna ematen diotela eskertzea. Burtsa %12 erori delako, goiz batean inoiz erretiratuko ez garela marru eginez bizilagun denei jakinaraztea. Lagun batek beste behin ere azken momentuan gure planak bertan behera utzi dituelako lagun txarra dela pentsatzea. Hainbeste denbora kontzertu baten zain egon ostean, atzeratu egin dela eta, bikoteari gau erromantiko batekin sorpresa ematea. Asteburua behingoz iritsi arren, euria ari duela eta, azken hilabeteetan jantzi gabeko arropak poltsa batean sartu eta dohaintzan ematea. Hegazkinean aldamenean pertsona gizen batek toki pixka bat kentzen digulako, pertsona gizen guztiak gorrotatzea hegaldiak irauten duen bitartean. Bikoteak adarrak jarri dizkigulako, bikote hobe bat gure zain dugula sinistea, irribarre lasai batez. Lankidearen akatsagatik proiektua atzeratu delako, lankideari besarkada bat eman eta elkarrekin aurre egitea proposatzea. Telebistako serie bikain horrek amaiera eskasa izan duelako, serie osoa kaka bat zela esatea. Bikote berri batek utzi gaituelako ezer balio ez dugula sinistea. Azkenaldian galduta sentitu ostean, hegaldi bat erostea, inongo planik gabe beste herrialde batean galtzeko. Ustezko pertsona maite batek aspaldian deitu ez gaituelako guk berari ez deitzea. 40 urte bete eta belaunak ahulduta ditugulako, lehenengo maratoian izena ematea. Presaka izan arren atzean dagoen amonari aurretik pasatzeko eskatzea. Autoan gure irteera pasa eta gustuko album bat entzuten hastea.

Gauza batzuk gure kontrolpean daude, eta beste batzuk ez. Ematen ditugun erantzunak gure esku daude, gertatzen zaiguna, berriz, ez. Hortxe gure izaera eta askatasuna.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!