Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 2a, 13:44

Orioko eta Aiako azken egunetako zenbakiek onak izaten jarraitzen dute, eta atzo egindako probetan ez da positiborik atzeman bi herrietan.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, ez da positiborik izan Orion eta Aian azken orduetan. Orioko intzidentzia tasak ez du gora-beherarik izan, eta herriak eremu horian jarraitzen du, 163,08ko tasarekin.

Eskualde mailan, zortzi positibo detektatu dira denera. Hain zuzen, lau lagunek eman dute positibo Azpeitian, bik Zarautzen eta banak Zestoan eta Zumaian.

Azpeitian lau emaitza positibo izan ziren herenegungo probetan ere, eta azkeneko datuak kontuan hartuta, gora egiten jarraitzen du 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak: 164,26koa zen ostiralean, 183,97koa atzo, eta 210,25ekoa gaur. Zumaian berdin mantendu da kasu metatuen tasa, eta atzo bezala, 183,17koa da une honetan. Zarautzen, ordea, atzo kasu berriak atzeman zituzten arren, behera egin du intzidentzia tasak: 145,63koa zen atzo eta 128,5ekoa da gaur-gaurkoz.

Eremu horia izaten jarraitzen dute hiru udalerri horiek, baina ez dira egoera horretan dauden eskualdeko herri bakarrak. Atzokoan kasu berririk zenbatu ez bazuten ere, semaforoko argi horia piztuta dago oraindik ere Azkoitian,  75,11ko tasarekin.

Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zen kasu berririk izan atzo.

425 kasu Hego Euskal Herrian

Atzo, astelehena, COVID-19a atzemateko 10.268 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian. Emaitzetan 190 positibo berri detektatu dituzte Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 62 Araban, lau beste lurralde batzuetan eta 59 Nafarroan; alegia, 425 guztira. Positibotasun tasari dagokionez, %4,3koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,4koa Nafarroan. Behera egin du, beraz, positibotasun tasak: herenegungo emaitzetan %4,7koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,4koa Nafarroan.

Une honetan 121 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan. Atzokoan 36 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira, 268 lagun daude Osakidetzako erietxeetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!