"Koronabirusaren kontrako txertoa hartzeko irrikaz egon naiz gaur arte"

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 4a, 17:22
Josefa Abalabide, gaur arratsaldeko txertaketan. Argazkia: Amaya Loidi.

Josefa Abalabidek 97 urte ditu, eta gaur arratsaldean hartu du COVID-19aren kontrako txertoa Zarauzko DYAren egoitzan. Txertoa hartzeko txanda noiz tokatuko zain egon da azken hilabeteetan, eta itxaronaldia "luzea" egin zaiola aitortu du. Bestalde, Orioko Eguneko Zentroko erabiltzaileak ere gaur txertatu dituzte.

Gaurko eguna handia izan da Josefa Pepi Abalabiderentzat. Hiruak eta erdietan Zarautza eraman dute etxekoek, koronabirusaren kontrako aurreneko txertoa hartzera. Txanda noiz iritsiko desiratzen egon da gaur artean, eta pozik hartu du ziztakoa besoan.

Gustura dago 97 urteko herritarra —98 egun batzuk barru—, txertoak gaitzaren aurrean babestuago egoten lagunduko diolako, eta, aldi berean, senideekin lasaiago juntatzeko aukera izango duelako bigarren dosia hartu eta gero: "Bi txertoak hartutakoan lasaiago egongo naiz, baina uste dut etxekoek hartuko dutela nik baino lasaitu handiagoa. Dudan edadearekin, gutxi ateratzen naiz etxetik, baina asko gustatzen zait familiakoen bisitak izatea".

Pepik ez du zalantzarik eduki txertoa hartzeko hautua egiterako orduan, eta gauza bera egitera animatu du jendea: "Egunero leitzen dut egunkaria, eta adituek diotena sinisten dudanez, izurriteari amaiera emateko modu bakarra denok txertatzea da. Gazteei eta helduagoei esango nieke txertoari beldurrik ez izateko; pandemia garaian bizitzen ari garen guztiak ematen du benetako beldurra".

Aurrera begira baikorra dela esanez agurtu da: "Pazientzia izan behar dugu orain. Txertaketa prozesua mantso doa gaur gaurkoz, baina hori da bide bakarra; txertoarekin eta norbanako bakoitzaren ardurarekin, lortuko dugu hau guztia bukatzea".

Txertaketa Orioko Eguneko Zentroan
Orioko Eguneko Zentroko erabiltzaileak gaur txertatu ditu Osakidetzak, eguerdiko hamabiak aldera. Hemendik hiru astera izango dute hurrengo zita, bigarren dosia hartzeko. Azaldu dutenez, ondo joan da goizeko txertaketa, eta ez da inolako ustekaberik izan.



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!