"Zuhur jokatzea izan da kanpinaren irekiera atzeratzeko arrazoi nagusia"

Iñigo Gaiton 2021ko mar. 5a, 09:00
Jone Olaskoaga Orioko Kanpineko zuzendaria, artxiboko irudian.

Gipuzkoako bezeroak soilik hartuta ere, ondo lan egiteko aukera izango luketela iritzi dio Jone Olaskoaga Orioko Kanpineko zuzendariak. Herrietako itxiera perimetrala zabaldu eta lurralde barruan mugitzea baimendutakoan irekiko dituzte kanpineko ateak. Hain zuzen, gaur arratsaldean bilduko da Eusko Jaurlaritzaren Labi aholku batzordea, erabakitzeko herrien arteko mugikortasuna baimendu ala ez.

Orio Kanpineko zuzendaritzak denboraldi berria hastear dela jakinarazi du aste honetan, baina ateak ohi baino beranduago irekitzea erabaki dute. «Izurritea hasi zenetik, zuhurtasunez jokatzeari eman diogu lehentasuna. Momentu honetan indarrean dauden osasun neurriei erreparatuta, kanpina irekitzea jendeari etortzeko tentazioa jartzea zela iruditu zitzaigun, eta lurralde barruan mugitzea baimendu arte itxita izatea adostu genuen», azaldu du Jone Olaskoaga zuzendariak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Labi aholku batzordeak gaur hartuko dituen neurrien zain dira.

Bere iritziz, Gipuzkoa barruan mugitzen uztea nahikoa dute ondo lan egin ahal izateko. «Iazko esperientziak erakutsi digu hori. Lehengo denboraldian inguruko herrietako jende asko etorri zen kanpinera estreinakoz, eta horrek konfiantza ematen digu datozen asteei begira. Horrez gain, kanpinean 38 bezero finko ditugu, eta horietatik 30 Gipuzkoakoak dira; ez genion zentzurik bilatzen udalerrietako itxiera perimetralarekin kanpina irekitzeari, bezero finko horiek ezingo luketelako etorri».

Bestalde, Zuzendariaren esanetan, langileak ere hartu dituzte kontutan erabakia hartzerako garaian. «Orioko Udalak erabaki zuen langileak ohiko datetan kontratatzea, sindikatuekin-eta hitz egin ondoren. Hala, denen artean adostutako zerbait izan da». 

Segurtasuna, kanpinaren indargune nagusia
Olaskoagaren hitzetan, bezeroak «seguru» sentitu ziren iaz kanpinean, eta horri heldu nahi diote aurten ere, beste eskaintzekin alderatuta hori dutelako «indargune nagusia». Horregatik, %75eko edukierarekin hasiko dute denboraldia. 

Bisitariak kanpinaz gozatzeko irrikitan daudela aurreratu du zuzendariak. «Azken asteetan, e-posta bidez kontsulta ugari jaso dugu. Orain, denboraldi luzea egiten dutenei lehentasuna ematen ari gara erreserbekin, eta hilaren 8tik aurrera edonork hartu ahal izango du tokia Internet bitartez».  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!