Herriko ikastetxeek eta udalak bat egin dute berdintasunaren aldeko aldarriarekin

Karkara 2021ko mar. 6a, 10:24

Martxoaren 8a izango da astelehena, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta mezu bateratua eman dute argitara herriko ikastetxeek eta udalak, eskualdeko Hezkidetza Foroaren ekimenez.

Eskualdeko udalak eta ikastetxeak biltzen dituen Hezkidetza Foroaren ekimenez, mezu bateratu bat zabaldu dute Orioko Udalak, Zaragueta Herri Eskolak eta Orioko Herri Ikastolak, astelehenean, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.

Ikastetxeek eta udalak pankarta jarri dute fatxadan «Gu ere martxoak 8» leloarekin. Horrez gain, ikastetxeetan gaia lantzen ari dira egun hauetan, Zarauzko Berritzeguneak prestatutako unitate didaktikoa erabiliz. Pandemia-egoera dela eta, ezin izan dituzte beste urteetako argazki jendetsuak egin, baina talde txikian bildu dira pankartapean, mezuarekin bat egiten dutela erakusteko.

Eskualde osoko ikastetxe eta udalek adostutako lelo hau ere egin dute publiko gaurko egunez: «Martxoaren 8ari begira, guztiok bat egiten dugu guztion berdintasunaren eta parekidetasunaren alde».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!