Orioko Udalak adierazi duenez, kantaldirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira, eta 10 euroko prezioa izango dute. Gaur, astelehenarekin, jarriko dituzte salgai sarrerak kultur etxean, arratsaldetik aurrera. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosteko aukera izango du gehienez.

Esti eta Mikel Markez

Esti eta Mikel Markez aita-alabek diskoa atera dute elkarrekin 'Azal berritzen' izenekoa, eta disko horren kantek osatuko dute, batez ere, kantaldia.

Esti Markezek 2015ean egin zuen lehenengo jendaurreko kantaldia, Mikel Markez aitarekin batera, Aian eskaini zuten kontzertuan. Geroztik bidea egin dute elkarrekin eta, orain, disko berria aurkezten ari dira han eta hemen.

'Azal berritzen' diskoa 10 kantek osatzen dute: erdia Esti Markezek egina eta beste erdia Mikel Markezek. Nolanahi ere, biek parte hartzen dute kantu guztietan eta, gainera, beste bi musikari hauen laguntza ere izango dute kantaldian: Arkaitz Miner eta Julen Alonso.