Arraun giroa izan da errioan aspaldiko partez

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 8a, 10:34

Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako jardunaldia jokatu zen atzo goizean. 32 txandetan jokatu ziren estropadak, eta ia haizerik izan ez zenez, arraunerako baldintza oso egokiak izan zituzten estropalariek. Oriok bi garaipen lortu zituen. Bestalde, Jon Carazo eta Imanol Garmendia hirugarren izan ziren Banyolesen jokatutako estropadan.

Atzo, igandearekin, goizeko bederatzietan hasi zituzten estropadak errioan. Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak aritu ziren aulki mugikorrean lehian, eta aspaldiko partez, estropadez gozatzeko aukera izan zen ibaian.

Orio Arraunketa Elkarteak 15 ontzi uretaratu zituen atzoko jardunaldian, eta zazpik podiumean sartzea lortu zuten. Horietatik bi garaipenak izan ziren —kadete mailako neska-mutilek lortutakoak—, hiru bigarren postuak eta bi hirugarren postuak. Atzoko sailkapen guztiak ikusteko, egin klik hemen.

Bestalde, Banyolesen Udaberriko Irekia estropada egin zen larunbatean. Imanol Garmendiak eta Jon Carazok osatutako bikoteak brontzezko domina lortu zuen, lemazainik gabeko biko modalitatean. Hala, apirilean Italian egingo den Europako Txapelketa jokatzeko aukera izango dute Orio AEko bi estropalariek.

Argazkiak: Joxemari Olasagasti

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!