Irati gurasoekin elkartzeko eskatu dute 50 herritar inguruk plazan

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 20a, 16:07

Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirain presoen alaba da Irati, eta 3 urte egin dituenez, kartzela eta gurasoak utzi, eta aiton-amonekin bizitzera etorri da Bilbora. "Umea gurasoekin egoteko neurriak ezartzeko garaia da, umearen hobe-beharrez", azpimarratu dute elkarretaratze amaieran, eta horretarako bidea zein izan daitekeen azaldu dute: presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea, eta horietan moduluak prestatzea ama eta umea elkarrekin egoteko.

Plazak bete, motxilak hustu lelo hartuta, 50 herritar inguru elkarretaratu da gaur eguerdian Orioko plazan. Helburua, 3 urteko Irati haurraren eskubideak aldarrikatzea. Izan ere, joan den astetik gurasoengandik bananduta bizi da, haurra Bilbon aiton-amonekin, eta gurasoak preso, 520 kilometrora. "Haurrentzako eta euren gurasoentzako urtebetetze egunak pozgarriak eta zorionekoak dira. Baina Iratik eta bere guraso Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirainek egun gogorra izan zuten pasa den martxoaren 8an, Iratiren 3. urtebetetze egunean. Gurasoak espetxean 520 kilometrora utzita, espetxe legeak jasotzen duen moduan, Iratik Bilbora etorri behar izan baitu. Irati, iragan astetik, beste 80 bat ume bezala, motxiladun haur bat da, motxila soinean eta gurasoengandik urrunduta bizitzera zigortu duten haurra", azaldu dute elkarretaratzearen amaieran.

Salatu dute, gainera, pandemiak eta urruntze politikek are gehiago okertzen dutela haur horien egoera. "Iratiren gurasoak El Duesoko espetxera (Kantabria, Espainia) gerturatuko dituzte, eta pozez hartu dugu berria, baina bitartean Iratiren egoerak berdin jarraituko du. Gainera, hilean behin baino ezingo da gurasoekin elkartu. Hau guztia, betiere, COVID-19a dela-eta neurri murriztaileak ezartzen ez badira, gogorarazi nahi baitugu motxiladun haurrek urtebete luzea daramatela gurasoak ia besarkatu gabe, komunikazio normalizaturik gabe, eta besarkatzeko oso aukera gutxirekin; kasu batzuetan aukerarik gabe".

"Bideak badaude"

Elkarretaratzea antolatu dutenek azpimarratu dute badagoela ume horien egoera hobetzea. "Badira egoera hau aldatu eta haur eta gurasoen zama arintzeko bideak: guraso diren presoak Euskal Herriratu eta euskal espetxeetan modulu familiarrak ezartzea. Umea gurasoekin egoteko neurriak ezartzeko garaia da, umearen hobe-beharrez; bada garaia, gaur eskuduntzak denon ahotan dauden honetan, EAE edota Nafarroan ama eta umea elkarrekin egon ahal izateko moduluak eraikitzeko. Gogoratu nahi dugu duela 22 urte ere modulu horien beharra aldarrikatu genuela kaleetan, baita Gasteizko Legebiltzarrean ere. Eta gaur, 2021. urte honetan, oraindik aldarrikapen berberarekin jarraitzen dugu".

Gainera, gogoratu dute Iratirena (eta lehenago Xua, Patxi Uranga preso oriotarraren alabarena) ez dela kasu bakarra. "Aranjuezko kartzelan Izadi geratzen da oraindik. Eta lanean jarraituko dugu Iratik bizi izan duen banaketa izan ez dezan, eta bai Iratik eta bai gainerako motxiladun haurrek ere beren gurasoekin egoteko duten eskubidea bete dadin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!