Denboraldia bikaina ari da izaten Martin Iriondo korrikalariarentzat

Martin Iriondo, artxiboko irudian.

Iriondo gazteak nagusitasunez irabazi zuen 3.000 metroko lasterketa 16 urtez azpikoen kategorian, larunbatean jokatutako Espainiako txapelketan.

Martin Iriondo korrikalari gazteak garaipen ederra lortu zuen larunbatean, 3.000 metroko Espainiako txapelketa aldearekin irabazita. 8:50:75 denbora markatu zuen helmugan, eta txapela eskuratzeaz gain, Euskadiko errekor berria ere ezarri zuen.

Orioko Atletismo Taldeko kidea da Iriondo, eta Oviedon egindako lehiaketan berarekin izan zituen Kamel Ziani eta Aitor Rubio entrenatzaileak. Rubioren esanetan, korrikalariak sentsazio oso onak izan zituten bezperatik. «Ostiral iluntzean ailegatu ginen Oviedora, eta entrenamendu txiki bat egin genuen, gorputza askatzen joateko. Martinek oso ondo bilatu zuen bere burua hasieratik». 

Aurreko asteetako prestaketa lanak ondo eginak zituela jakitun izanik, entrenatzaileek lasai atzeman zuten Iriondo lasterketaren aurretik. «Lasai egoten dakien mutila da. Urduritasuna barrutik eramango du ziurrenik, baina bere burua oso ondo kontrolatzen du». 

Entrenatzaileek eta Iriondok argi zuten zein zen lasterketan jarraitu beharreko estrategia: hasieratik erritmo altua jartzea, aurkariak atzean uzten saiatzeko eta azken metroetan ezustekoak ekiditeko. «Bere lasterketa egitera ateratzeko esan genion Martini, aurkariei begira jardun gabe. Bagenekien bere erritmoa ondo eramanda irabazteko aukerak izan zitzakeela, eta hala gertatu zen. Hasieratik atera zen oso indartsu, eta berehala ikusi zen aurkariek jarraitzeko zailtasunak zituztela. Hala, atzean geratzen joan ziren. Hamasei itzuli egin zituzten pista estalian, eta bosgarrenerako, Martin eta beste aurkari bat bakarrik ziren lasterketa buruan».

Azken metroak gozatuz
Aurkari zuzena atzean utzi eta gero, lasterketaren azken itzulietan gozatu egin zuen Iriondok. Hala iruditu zitzaion entrenatzaileari. «Ziur nago azken metroetan ikaragarri gozatu zuela, txapela berea zela ikusitakoan. Helmugan esan zigunez, gainera, osorik bukatu zuen lehia, ez zen txikituta iritsi». 

Bi entrenatzaileek poz ikaragarria sentitu zuten lasterketa amaieran. «Emozio une handiak bizi izan genituen. Martinek lan ikaragarria egin du azken urteetan, eta orain fruituak jasotzen ari da. Gozamena da berarekin lan egitea; eskatu ahala eman egiten du entrenamenduetan. Umil-umil aritzen da lanean, eta beti izaten ditu hankak lurrean. Poza ematen du bere eboluzioaren lekuko izateak». 

Hurrengo helburuak
Aurrerantzean, udara begira jarraituko dute entrenatzen Orioko Atletismo Taldeko kideek, Espainiako aire libreko txapelketak helburu hartuta. «Iriondok irabazi berri duen lehiaketan ordezkari bat izan du gure taldeak, eta hori lorpen handia da; bada, ia-ia, Nizar Zianik eta Xunai Huegunek ere lortu zuten han izateko txartela. Ea udan jokatuko diren Espainiako txapelketetan kadete eta jubeniletan ordezkari gehiago izateko gai garen».  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!