Igande honetan etxean jokatuko du OBB sofbol taldeak

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 6a, 11:07
Valentziarren kontra jokatutako partida bateko unea (Argazkia: OBB)

Kataluniako Pojecte taldea hartuko du Mendibeltz zelaian apirilaren 11n. Pasa den asteburuan Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatu dituzte bi norgehiagoka, eta garaipenik gabe etxeratu behar izan dute.

Aurreko bi asteburuetan Madrilen eta Valentzian (Herrialde Katalanak) bina partida jokatu ondoren, igande honetan etxean lehiatuko dira Pojecte taldearen kontra OBBko neskak.

Orain arteko partidarik ezin izan dute irabazi; Madrilgo Rivas taldea iazko Ligako txapelduna da, eta Valentziako Antorcha taldeak ere gogor jokatu zuen joan den asteburuan.

Orioko Bate Bizkorrak taldekoek azaldu dutenez, "aurreneko partidaren hasiera ez zen erraza izan, baina partida berdintzea lortu zen lehenengo sarreran 6 lasterketa lortuz". Antorchako neskek "gogor jokatu" zuten, ordea, eta 11-7 amaitu zen partida.



Bigarren lehia "hobeto" hasi zuen OBBk. "Partida berdinduago hasi zen, baina hirugarren sarreran lehia zaildu egin zitzaigun; valentziarrek gogor bateatu zuten, eta aurrea hartu ziguten". Partida 9-4 amaitu zen.

Aroa Faro jokalaria


Partidak galdu arren, oriotarrek nabarmendu dute "gogor" egin zutela lan Valentzian jokatutako bi norgehiagoketan.

Jokalari bat ere azpimarratu nahi izan dute: "Aipatu beharra dago Orioko harrobiko Aroa Faroren lana, bere lehenengo hit-a eta lasterketa egin baitzuen Ohorezko Mailan".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!