Hamar urtean ia hirukoiztu egin da Orion errenta aitorpena euskaraz egin dutenen kopurua

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 7a, 13:11

2009an 308 errenta aitorpen egin ziren euskaraz herrian, eta 2019an, berriz, 904. Hala, %11tik %28,4ra pasa da portzentajea hamarkada batean. Aurten ere, udalak eta Uemak kanpaina egingo dute elkarrekin, herritarrek euskaraz egin ditzaten izapideak.

Orioko Udalak herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatu nahi ditu, eta horregatik, aurten ere Uemarekin elkarlana egingo du.

Udalak azken hamar urteetako datuak ere eman ditu, eta taulan argi ikusten da gora egin duela izapide horiek euskaraz egiten dituzten oriotarren kopuruak. 2009an 308 errenta aitorpen egin ziren euskaraz, izapide guztien %11, eta 2019an, berriz, 904; hau da, kopuru osoaren %28,4. Hirukoiztu egin da, beraz, euskara aukeratu duten herritarren kopurua.

Joera ona izan arren, udalaren helburua da "urtez urte oriotar gehiagok egitea euskaraz errenta aitorpena, oraindik askoz gehiago direlako gaztelaniaz egiten dutenak".

Euskara aukeratzeko bideak

Ogasunarekin euskaraz harremantzeko zer bide jarraitu behar diren gogorarazi du udalak: gestioa errenta mekanizatuko bulegoan egiten bada, nahikoa da hango langileari esatea, hark hizkuntza aldatzeko.

Izapidea interneteko Zergabidea plataforman egiten bada, berriz, errenta aitorpena betetzean, hizkuntza aukera egiten da, pauso hauek jarraituta: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.

Azkenik, errenta aitorpena gestorian eginez gero, nahikoa da gestoreari esatea euskaraz egin nahi dela.

Herritar gehienek autolikidazio proposamena jasotzen dute, eta hori onartzerakoan, telefonoz deituta edo internet bidez, euskaraz nahi dela esanez gero, hortik aurrera hizkuntza horretan jasoko dira Ogasunarekiko komunikazioak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!