Lurgaia Fundazioak "bertako basoak berreskuratzeko" proiektua aurkeztuko du Orion ere

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 7a, 20:06

Gure basoak berreskuratu izenburupean, aurkezpen irekia egingo du fundazioak apirilaren 24an Arraunetxen, eta saioa Internetez zuzenean jarraitzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Lurgaia Fundazioak hainbat herritan aurkeztu du bere proiektua, "bertako basoak berreskuratzeko" helburuarekin, eta apirilaren 24an Orion izango da fundazioko kide bat, 18:30ean Arraunetxen jarri duten hitzorduan, bertaratzen diren herritarrei proiektua azaltzeko. Herrio natur taldeak eta Orioko Udalak babestuta egingo dute aurkezpena.

Saioa Internetez jarraitzeko aukera ere egongo da, Meet plataformaren bitartez. Hau da esteka: meet.google.com/xbs-obcg-cqc

Lurgaiaren funtzionamendua

Lurgaia Fundazioak bere webgunean azaltzen duenez,  lursailak eskuratzen ditu "bere jabeekin (publikoekin zein pribatuekin) egindako borondatezko dohaintzaren, salerosketaren edo lagapen-hitzarmenen bidez".

Jabe horiek titulartasunari eusten diote, "baina lurzoruaren erabilera iraunkorra bermatzen dute: balio naturalak, kulturalak eta paisaia-balioak kontserbatzea eta/edo berreskuratzea".

Proiektuari laguntzeko hainbat modu ere ageri dira webgunean: dohaintza egitea da aukera bat, eta hainbat tamainatako baso zatiak oparitzea, beste bat (diru kopuru desberdineko bonuen bitartez).

Fundazioaren arabera, 105 hektarea baso kudeatzen ditu orain, eta helburua da 153 hektarea kudeatzea. 45.000 euro behar dituela ere jartzen du webgunean. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!