Aste Santu bereziak izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bisitariekin

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 8a, 14:47
Atzo kanpinak zeukan itxura (Onintza Lete Arrieta)

KARKARAk Orioko Turismo Bulegoan eta kanpinean eskatu ditu amaitzen ari den oporraldiari buruzko datuak, baita Raquel Arrieta Turismo Bulegoko informatzailaren eta Jone Olaskoaga kanpineko zuzendarien iritziak jaso ere.

Turismo Bulegotik 289 bisitari pasa dira aurten Aste Santuetako jaiegunetan, apirilaren 1etik 5era, gehienak bizkaitarrak: %54,67, hain zuzen. %21,8 Arabatik etorri dira, eta Gipuzkoatik %22,84. "Poloniako bikote bat gehitu behar zaie aipatutako bisitariei", zehaztu du Raquel Arrieta Turismo Buelgoko informatzaileak. Pandemiagatik ezarritako mugikortasun mugen ondorioz, hiru lurralde horietako bisitariak bakarrik bertaratu ahal izan dira.

Arrietaren arabera, Bilboko jende asko ibili da, baina Bizkaiko gainerako herrietakoak ere etorri dira, eta gauza bera ikusi du arabarren artean; gehienak gasteiztarrak izan arren, herri txikietakoak ere etorri dira Oriora.

"Gustura" aritu da lanean, batez ere arrazoi batengatik: "Oraingoan nabaritu da jendea lasai zetorrela herria bisitatzera, denbora zutela eta disfrutatzeko gogoz zirela. Beste urteetan, egun berean kostako hainbat herri ikusi nahi izaten dituzte, bisitari gehienak Madrildik eta Bartzelonatik iritsi ohi direlako Oriora, bai behintzat gure bulegora".

Oraingoan, mendi ibilaldiez galdetu dute familia askok, bai herrian egiteko, bai Donostiara oinez joateko, eta Arrietak nabaritu du kanpinera karabanarekin etorritakoak ere izan direla Turismo Bulegoan galdezka. "Ikusi da jende asko ibili dela herrian. Eguraldi polita egin du, eta hori ere nabaritu da".

Okupazioari dagokionez, Nekatur barruan dauden Orioko agroturismoak (bospasei dira) %91n egon dira beteta Aste Santuetako bost egunetan.

Kanpinean mugimendu handia

Orioko Udal Kanpinari dagokionez, Jone Olaskoaga zuzendariak esan du lan askorekin ibili direla egutegian gorriz markatutako egunetan, eta "oraindik ere" Aste Santuko erritmoan dabiltzala.

Aurtengo Aste Santuak bereziak direla iritzi dio Olaskoagak "asko luzatu" direlako. "San Jose zubian hasi genuen guk Aste Santuetako martxa, eta aste hau amaitu arte jarraituko dugu", zehaztu du.

"Izugarrizko mugimendua egon da kanpinean egun zehatzetan, eta harreran nahiz garbiketan lan asko egin da", azaldu du. Bungalowak %100 beteta egon dira, eta partzelen okupazioari dagokionez, hainbat murrizketa errespetatu behar zenez, emaitzarekin oso pozik daude: "Guk jarri ditugun okupazio mugak edo kupoak zuhurtziaz hartu ditugu, eta emaitzarekin oso gustora gaude".

Bestalde, Olaskoagak adierazi du egonaldiak hiruzpalau egunekoak izan direla oro har, eta egun batzuetan "eromena" izan dela sarrera-irteerak antolatzea.

2019arekin alderaketa

Gorago aipatu bezala, Aste Santu hauetan pandemiagatik hainbat muga eta murrizketa errespetatu behar izan dira, besteak beste, lurraldeen artean ezarritako mugikortasun mugak. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bisitariak bakarrik jaso ahal izan ditu Oriok ere.

Duela bi urteko datuekin alderatuta, nabarmena da bisitarien jatorrian eragin duen aldaketa. Orain bi urteko Aste Santuetan, 213 pertsona gerturatu ziren Turismo Bulegora. Horietatik erdia baino gehiago, 152, atzerritarra zen: kataluniarrak, espainiarrak eta alemaniarrak nagusiki. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik etorritakoak, berriz, 56 baino ez ziren izan.

Kanpineko datuetan ere nabari da aldea, beheko taulan ikus daitekeenez:

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!