Orioko arraunlariek bi bandera irabazi dituzte Euskadiko Batel Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 18a, 15:11
Orioko jubenil mailako mutilen taldea banderarekin. (Gipuzkoako Arraun Federazioa)

Orio Arraun Elkarteko kadete eta jubenil mailako mutilen ontziak azkarrenak izan dira gaur goizean Legution jokatu den finalean. 

Asteburuan, Euskadiko Batel Txapelketa jokatu da Legutioko urtegian, eta bertan parte hartu dute Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariek. Atzo arratsaldean, kanporaketa estropadak jokatu zituzten taldeek eta gaur goizean finalak eta kontsolazio txandak izan dituzte. Oriotarrek, guztira, sei talde aurkeztu zituzten txapelketara eta guztiak sailkatu ziren gaurko jardunaldirako. 

Hain zuzen ere, Orio Arraunketa Elkarteak bi bandera irabazi ditu gaurko finalean, kadete eta jubenil mailako mutilen ontziak izan baitira azkarrenak euren kategorietan. Horrez gain, infantil mailako mutilek bigarren postua lortu dute finalean eta jubenil mailako emakumezkoen batela bigarren postuan sailkatu da. Bestalde, infantil eta kadete mailako nesken ontziak, bigarren eta hirugarren postuan sailkatu dira kontsolazio txandan, hurrenez hurren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!