"Idaztean asko gustatzen zait pertsonen psikologian sakontzea"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko api. 21a, 09:05
Txema Pikabea, 'Lia' eleberria eskuetan duela. (Iñigo Gaiton)

Beti gustatu izan zaio idaztea Pikabeari, baina ezustean sortu zuen bere lehen lana; "istorio bat bururatu zitzaidan eta hariari tiraka jarraitu nuen, eleberria bihurtu zen arte".

Orion bizi den Txema Pikabeak (Aginaga, Usurbil, 1971) bere bigarren eleberria argitaratu du Lia izenburupean. Lanaren nondik norakoak izan ditu hizpide Hitzarekin. 

Zer aurkituko du irakurleak Lia eleberrian?
Nahiko eleberri konpletoa da. Istorio desberdinez osatua dago eta horiek guztiek bat egiten dute Liaren inguruan. Hasieran, ez dirudien arren, istorio guztiak konektatuta daude. Norabide aldaketaz betetako nobela da, eta ezustean aldatzen da pertsonaien egoera. Horregatik, irakurleak jakin-mina izango du liburu osoan zehar; dinamikoa eta irakurterraza dela ere esan genezake. Nik misteriozko psikodrama baten gisa definituko nuke. Izan ere, asko gustatzen zait pertsonen psikologian sakontzea; askotan kalean modu batera gara, baina etxean gure barneko iluntasun hori agerian uzten dugu. Jendea irakurtzera animatzen dut.

Psikologiarekin lotura duten gaiak gustatzen zaizkizula aipatu duzu. Hortik al dator Lia bezalako eleberri bat idazteko ideia?
Asko hausnartu dut pertsonen psikologiaren inguruan, eta masterra ere egin nuen gai horren bueltan; nerabeen psikologia interesatzen zait batez ere. Horregatik, nire eleberrietan gai horiek txertatzea gustatzen zait.

Zuk beste ofizio bat duzu. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Ni haur hezitzailea naiz, eta 24 urte daramatzat haurrekin lanean. Dena dela, betidanik gustatu izan zait idaztea eta 34 urte daramatzat egunero-egunero egunerokoa idazten. Beti izan ditut irudimen handia eta idazteko zaletasuna.

Aspalditik al zenuen buruan eleberria idazteko asmoa?
Behin istorio bat bururatu zitzaidan eta idazten hasi nintzen helburu jakinik gabe. Horretan ari nintzela, ideia eta pertsonaia piloa etorri zitzaizkidan burura, eta hariari tiraka jarraitu nuen, eleberri bat bihurtu zen arte. Nire idazteko moduari bat-bateko inspirazioa deitzen diot, idaztera esertzen naizenean gauza mordoa etortzen zaizkidalako burura. Bitxia da. Hasieran, nire eskematxoa egiten dut, baina idazten jartzen naizenean goitik behera aldatzen zaizkit asmoak, ideia berriak sortzen zaizkidalako. Lehen lana, esaterako, lagun batzuei pasatu nien irakur zezaten, eta argitaratzera animatu ninduten. Hasieran, ez zen hori nire asmoa, baina gustatu zitzaiela ikusi nuenean, esan nuen: "Zergatik ez?". Eta ez dut damurik, oso harrera ona izan baitzuen lehen lanak. Orain, berriz, bigarrena argitaratzera animatu naiz.

Autoedizioa izan da. Beraz, idazteaz aparte, beste hainbat lan ere egin behar izan dituzu, ezta?
Gaur egun, oso zaila da idaztea zaletasun duen herritar bati argitaletxe batek liburu bat argitaratzea. Dena dela, badaude enpresak autoedizioan laguntzen dutenak, eta horietako batekin jarri nintzen ni harremanetan, eta haiek lagundu zidaten liburu bat argitaratzeko egin behar izaten diren beste lanekin.

Zergatik erabaki duzu eleberria gaztelaniaz idaztea?
Euskaldun zaharra naiz, baina gaztelaniaz osatu nituen ikasketak eta gaztelaniaz idazteko trebetasun handiagoa dut, erosoago sentitzen naiz. Dena dela, badut epilepsiari buruzko komiki bat Aura izenekoa, eta hura euskaraz idatzi nuen.

Aurrera begira, literatura arloko beste proiekturik ba al duzu buruan?
Bai, hasi naiz proiektu berri baterako ideia batzuk zerrendatzen eta pertsonaiak deskribatzen. Lehenengo bi eleberriekin gauzak argiago nituen, baina orain nondik nora joan hausnartzen ari naiz, ideia zehazteko. Idazten hasteko gogoz nago, baina denbora librean jarduten dut eta ez da beti erraza izaten denbora eta gogoa bat etortzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!