Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 23a, 11:02

KARKARAk Orioko liburutegiko liburuzain Miren Anduezarekin hitz egin du, herriko irakurleen ohiturak gertutik ezagutzeko.

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur mundu guztian, eta KARKARAk Orioko liburutegiko liburuzain Miren Anduezarekin hitz egin du, herritarren ohiturak ezagutzeko asmoz. COVID-19ak sortutako egoerak eta horri aurre egiteko hartu diren neurriek "apaldu" egin dute liburutegiaren martxa, baina liburuak mailegatzera jendea hurbiltzen dela aitortu du Anduezak. "Liburutegiko aforoa oso murriztua dago, eta jende gutxi etortzen da bertara, baina badirudi mailegatzeko ohitura berreskuratzen ari direla herritarrak. Izan ere, urtean zehar izan ditugun itxialdiekin gora-beherak izan ditugu, jendeak ez dakielako bertara etorri daitekeela", azaldu du.

Liburutegiko erabiltzaileen perfila galdetuta, gehienak haurrak eta emakume helduak direla nabarmendu du. "Azken horiek normalean nahi dituzte entretenitzeko eleberriak, arinak eta irakurterrezak, eguneroko preokupazioetatik aldentzeko. Jendeak normalean azken nobedadeak nahi izaten ditu, eta nobela beltza edo historikoa eskatzen dute gehienbat. Beste batzuk, berriz, zuzenean zerbait polita gomendatzeko eskatzen didate". Haurrek ere liburutegira joateko ohitura dute, eta haurren txokoko liburuak berritzeko ahalegin berezia egiten ari da Andueza.

E- liburutegia erabiltzeko ohitura ere zabaldu dela azaldu du Orioko liburuzainak. "Badago jendea liburutegira etortzen ez dena, e-liburutegia erabiltzen hasi delako".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!