Eskola osasungarriaren ziurtagiria jaso du Zaragueta Herri Eskolak

IƱigo Gaiton 2021ko api. 25a, 09:15

Jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak eskolan modu integralean txertatzea helburu hartuta, Zaragueta Herri Eskolan hiru ikasturteko prozesua egin dute gobernuz kanpoko Des erakundearen eskutik, hainbat jarduera gauzatuz.

Zaragueta Herri Eskolak Eskola Osasungarria zigilua jaso du. Hiru ikasturteetan zehar —2017/18, 2018/19 eta 2019/20— eskola komunitate osoaren inplikazioa eskatu duen prozesua egin dute, Des —Osasunerako eta Hezkuntzarako Kirola– erakundearen eskutik. Estatu mailan eta nazioartean lan egiten du Desek, haur eta gaztetxoen artean jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko xedearekin.

Rafa Gonzalez de Txabarri erakundeko kidea da, eta berak du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten duten lana koordinatzeko ardura. Zaraguetako gurasoa ere badenez, egitasmoa eskolan txertatzeko saiakera egitea erabaki zuen, proba modura. Gustura agertu da emaitzarekin. “Hiru urteko lanaren helburua izan da eskolak Osasun Plan bat edukitzea, osasunak hezkuntza prozesuan eta curriculumean toki konkretu bat izan dezan —hizkuntzek edo beste gaiek duten modura—. Obesitatea gero eta arazo larriagoa da haur eta gaztetxoen artean, sedentarismoari eta elikadura txarrari lotutako ohituren ondorioz, eta horregatik, osasunari tokia egin behar zaio hezkuntza prozesuaren erdigunean”.

Gonzalez de Txabarrik adierazi duenez, hiru ikasturteetan Osasun Plana garatzen joaten da Eskola Osasungarria ziurtagiria jasotzeko bidea egiten duen ikastetxea, gero eta zailtasun handiagoarekin. Urtero, ikuskatzaileek bermatzen dute zentroan egiten den lana, eta hiru domina ematen dira: brontzea lehen urtean, zilarra bigarrenean, urrea hirugarrenean. Azken hori lortu du Zaraguetak.

Bide aberasgarria

Hiru urteetan formakuntza saioak eta esperientzia trukaketak egin dituzte Zaraguetan, eta modu batera edo bestera, irakasle, ikasle eta gurasoen partaidetza izan dute egindako jardueretan; horiek askotarikoak izan dira: ariketa fisikoa egiteko irteerak, adituen hitzaldiak, kontzientziazio kanpainak, tailerrak...

Prozesuaren azken bi ikasturteetan, Zaraguetako soinketako irakaslea izan zen Jon Sarasola hernaniarra, eta haren iritziz, proiektuarekin lortu da eragitea eta kontzientzia piztea. Bera ordu batzuetarako liberatuta egon zen egitasmoari behar zuen denbora eskaini ahal izateko. “Horrek argi erakusten du eskolak erakutsitako konpromiso maila”, zehaztu du. “Des-etik formakuntza jaso eta hori guztia ikastetxean zabaltzea izan zen nire lana, jarduerak antolatu eta ikasle eta familiekin gauzatzeaz gain. Ariketa fisikoarekin eta elikadurarekin lotutakoak izan dira praktika gehienak”, azaldu du Sarasolak. Horrez gain, egitasmoan tokia izan dute harreman osasuntsuek, ingurumenak eta ongizatearekin lotutako beste hainbat gaik ere.

Irakaslearentzat, zigilua lortzeko bideak “eskolan kontzientzia pizteko” balio izan du. “Eguneroko bizitzaren zurrunbiloan sartuta gaudela, oso ohikoa da osasuna bigarren planoan uztea, eta proiektu honek balio izan digu hiru ikasturtez gaia oso presente izateko”.

Bere inpresioaren arabera, ikasleen aldetik harrera oso ona izan dute iniziatiba guztiek. “Haur eta gaztetxoak amorratzen egoten dira jarduera praktikoak egin eta liburu artetik ateratzeko. Hezkuntza sistemak erronka handia du aurrean: ikaskuntza metodo teoriko-estatiko batetik aktiboago batera pasatu behar da, jarduera praktikoek eta mugimenduak toki gehiago izan dezaten”.

Sarasolarentzat, ziurtagiria jasotzea ona da eskolarentzat, baina balio handiagoa eman dio bidean bizi izan dutenari. “Bilera eta esperientzia trukaketa asko egin dira, ikasleekin jarduerak, momentu bereziak... Horrek guztiak aztarna utzi du hezkuntza komunitatean, eta hori iruditzen zait onena etorkizunera begira”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!