Marra finaren gainean orekan

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 29a, 10:00
Sandra PiƱeiro, atzo goizean, beretzat hain berezia den errioaren aurrean (Argazkia: Onintza Lete Arrieta/UKT)

Sandra Piñeiro OAEko arraunlariak liburu batean jasoko ditu janariarekin izan dituen arazoak. Bere apurra jarri nahi luke, «egoera berean isilik daudenak hitz egitera animatzeko». Larunbatean jakinarazi zuen sare sozialetan liburua argitaratuko zuela, eta asteartean, bi ordutan lortu zuen argitalpen gastuetarako behar zuen dirua, crowdfunding kanpaina eginda. "Oso eskertuta" dago beren aletxoa jarri duten guztiekiko.

Ez du erraza izan behar astero baskularen gainera igotzeak, praktikatzen duzun kirolak hala eskatzen duelako, ezta elikagai bakoitzak dituen kaloriak kontatzen ibiltzeak ere. Marra oso fina dago jaten dena zaintzearen eta kontrola galtzearen artean. Hala aitortu du Sandra Piñeiro (Boiro, Galizia, 1996) Orioko bizilagun eta Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak.

Errioaren aurrean eserita aritu da hizketan bere arazoez eta esku artean dituen proiektuez, patxadaz eta buru argitasun handia erakusten duen diskurtsoa ahotan. «Kirolari dagokionez ordenatua naiz, perfekzionista eta exijentea. %100 eman beharra daukat beti, eta hala ere ez da nahikoa niretzat; %120 eman beharra sentitzen dut».

Arrauna du pasio, eta «bizitza eman» dion arren, barne oreka galdu zuen garaian ez zion lagundu «horrenbeste sakrifizio eta esfortzu» eskatzen duen kirolean aritzeak.

«Dena eta gehiago ematen nuen, baina helburura iritsitakoan, ez nuen lorpenaz gozatzen; hurrengo helburuan ari nintzen pentsatzen. Sufrimendu hori gozamenarekin lotzen nuen. Gero eta gehiago sufritu behar nuen ondo sentitzeko, eta azkenean janaria kentzen hasi nintzen», aitortu du. «Jatun ona izan naiz beti, amona guztiak pozik uzteko horietakoa, eta neure buruari hori ukatuz hasi nintzen». 2016-2017 urteetan kokatu du elikadura nahasmenduaren hasiera. «Arrauna beti hartu izan dut serio, baina garai hartan beste pauso bat eman nahi nuen; uste nuen kirolean errendimendua hobetzeko lagungarria izango zela janaria ere kontrolatzea».


Kontrola galtzeraino


Lagunarteko otorduetara nahiz ekitaldietara joateari utzi zion aurrena, baita parrandan ateratzeari ere; gero, bere buruari dieta jarri zion: «Fruta eta barazkiak soilik jatera iritsi nintzen». Ohartzerako, kontrola zeharo galduta zeukan. Gertatzen zitzaionaz ohartu zenean, izena jarri zionean eta terapian hasi zenean, azaldu du asko lagundu ziola idazteak. «Beti gustatu izan zait idaztea, eta terapia prozesuan nenbilenean asko idatzi dut. Egun batean poema bat ateratzen zitzaidan, hurrengo batean azalpen estiloa hartzen zuen kontatu behar nuenak. Pertsona oso irekia naiz, baina asko kostatzen zait barnekoa erakustea, baita gertukoenei ere, eta sentimendu horiek guztiak kanporatzeko bide oso ona da niretzat idaztea. Gertuko batzuei idatzitakoa erakutsi nienean, esan zidaten publikatzeko modukoa zela». 

Elikadura nahasmenari aurre egiteko prozesua luzea eta geldoa bada, liburua idaztearen kontuak abiadura bizia hartu du azken egunetan. "Buruari buelta asko eman ondoren", joan den larunbatean erabaki zuen, 25 urte bete zituen egunean, sare sozialetan jakinaraztea liburu bat argitaratuko duela. Aurrez esana zien zer asmo zuen gertukoenei, baita elikadurarekin zituen arazoen berri eman ere. "Ausarta naizela esan didate askok, eta baita animoak eman ere".

Orioko Arraun Elkartea bere "etxea" dela azpimarratu du, eta kideen, entrenatzaileen, medikuen eta gainerakoen berotasuna eta babesa sentitu dituela egiten ari den bide horretan.

Herenegun, berriz, liburua argitaratu ahal izateko crowdfunding kanpaina abiatu zuen. "Editorial baten laguntza behar dut maketazio, zuzenketa eta halako lanetarako, eta horregatik egin nuen kanpaina". Arrakasta bat-batekoa izan zen: "Bi ordutan eskuratu nituen helburutzat jarritako 1.200 euroak, eta oso eskertuta nago beren alea jarri dutenekin".

Antzeko egoeran jende asko

Liburua argitaratuta, Piñeirok bere  apurra jarri nahi luke, "egoera berean eta isilik daudenak hitz egitera animatzeko". Esan du "harrituta" dagoela berak elikadura nahasmendua eduki duela  publiko egin duenetik "gertuko zenbat jendek, baita arraun mundukoak ere", esan dioten antzeko egoera bat bizitzen ari direla. "Zuk uste duzu bakarrik zaudela eta bitxo arraro bat zarela, baina errealitatea da isilik gauden bitxo arraro asko garela eta ez garela ausartzen hitz egitera".

Argi du liburuaren helburua zein den: "Gustatuko litzaidake nik idatzitako orriek indarra ematea jende horri guztiari,  isilik egoteari uzteko, laguntza eskatzeko eta gertatzen zaienari aurre egiteko. Baita lotsa albo batera uztea ere, normala delako gertatzen zaiena. Denok ditugu arazoak, eta arazoak normalak dira, norberaren parte dira. Zure baitan daude gauza txarrak eta onak; gauza txarrez ikasi egiten duzu, eta onez gozatu". Piñeirorentzat garrantzitsua da norbere arazoa gertukoekin eta entzuteko prest dagoenarekin partekatzea. "Zuk motxila astun bat daramazu, eta gertatzen zaizuna norbaiti kontatzen diozunean, hori egitearekin batera sekulako pisua kentzen duzu; horrek bakarrik liberatu egin ninduen ni behintzat, jada ez nuen sentitzen nirea soilik zela motxila".

Elikadura nahasmenduak oso ohikoak direla uste du Piñeirok, batez ere kirol munduan. Aldi berean, ordea, kirola alde batera uztea akatsa dela uste du. "Pasioak gozatzeko dira, ezin zaie horiei uko egin". Berak arraunean segitzen du, inoiz baino indartsuago, "klubak, nire taldeak, Rafak, Santik, klubeko medikuek.... bizitza eman zidatelako. Konturatu nintzenean kontrola galdu nuela, psikologoarengana joateaz gain, horiek guztiak izan ditut akuilu, nire familiaren parte direlako eta babesten nautelako. Orain hemen baldin banago, eta liburu hau argitaratu badezaket, haiei guztiei esker da".

Arraunean jarraitzearekin batera, infantilen entrenatzailea da Orio Arraunketa Elkartean, eta ikasten jarraitu nahi luke, espezializatzeko jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan, eta etorkizunean, doktoretza egin eta lan egiteko elikadura nahasmenak dituzten pertsonei terapiak eta jarduera fisikoa diseinatuz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!