Oriorentzat izan da garaipena gizonezkoetan Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 2a, 10:07

Atzo arratsaldean lehiatu ziren herrian bertan zortziko absolutuko bost ontzi gizonezkoetan, eta hiru emakumezkoetan, urrezko dominen bila. Santiagotarrak Irun gailendu zen emakumezkoetan. Aurrez, aulki mugikorreko ohiko jardunaldia egin zuten hainbat modalitatetan.

Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Txapelketako gizonezkoen garaipena oriotarrentzat izan da beste behin zortziko absolutuan. Joxemari Olasagastik dituen datuen arabera, 1994tik 27 aldiz jokatu da txapelketa hori, eta Orioko gizonezkoek 17 alditan lortu dute garaipena. Atzo bertan azkena.

Arratsaldean errioan jokatu zen txapelketa. Gizonezkoetan Ur-kirolak A eta B; Arraun Lagunak-Donostia; Hondarribia eta Orio lehiatu ziren, eta oriotarrek eskuratu zuten urrea, baina gain-gainean izan zuten Hondarribia, aurrenak 04:45;38 denbora egin baitzuen, eta bigarrenak 04:45;92. Brontzea Ur-kirolak A taldearentzat izan zen.

Emakumezkoetan hiru talde lehiatu ziren, eta aise nagusitu zen Santiagotarrak Irun, hamar segundoko aldea aterata Hondarribiari; 05:32;96 egin zuten aurrenekoek, eta 05:43;20, bigarrenek. Donostia sailkatu zen hirugarren.

Txapeldunak

Saioa Sayago lemazain lanetan, honako taldeak lortu zuen urrezko domina atzo: Martxel Aldaik, M.A. Millaresek, Josu Ostolazak, Jon Iriondok, Jon Lizarraldek, Joseba Rodriguezek, Jon Carazok eta Imanol Garmendiak.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!