Zortzi eta bost kasu izan dira Orion eta Aian azken hiru egunetan

Andoni Elduaien 2021ko mai. 3a, 13:39

848,01 da tasa Orion gaur gaurkoz, eta Aian 1.460,96. Kasu positiboek, oro har, behera egin dute eskualdeko herri guztietan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno testetan herriz herri hautemandako kasu positiboen txostena. Horren arabera, Orion zortzi kasu detektatu dira ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan, eta herriaren tasa 848,01 da gaur gaurkoz. Aian, ladiz, bost positibo detektatu dituzte, eta herriaren tasa 1.460,96 da momentu honetan. 

Eskualdeari dagokionez, 95 kasu positibo detektatu dituzte denera, joan den astelehenean Osasun Sailak emandako datua baino baxuagoa da gaur emandakoa; izan ere, joan den astelehenean 130 positibo jakinarazi zituzten. Duela bi astelehen, berriz, 190 kasu jakinarazi zituzten. Mantso bada ere, kasu positiboen agerraldiek behera egiten jarraitzen dute eskualdean.

Eskualdeko herriak banan-banan aztertuta, Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien azken hiru egunetan: 30 positibo guztira. Zazpi kasu hauteman zituzten ostiralean gauzatutako probetan, 11 larunbatean eta hamabi atzo. Intzidentzia tasak behera egin du zerbait han, eta egun 1.075,08koa da tasa. Zarautzen ondoren Azkoitian zenbatu dituzten kasu gehien. Hemeretzi kasu baieztatu dituzte han ostiraletik atzora bitartean egindako probetan –zazpi ostiralean, lau larunbatean eta zortzi atzo–. Egun 993,07koa da Azkoitiko intzidentzia tasa.

Azpeitian gero; izan ere, han hamabost positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak –zortzi ostiralean, hiru larunbatean eta lau atzo–. Eremu gorria uztetik gertuen dagoen eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herria da gaur-gaurkoz Azpeitia 505,91ko intzidentzia tasarekin, baina gutxienez beste astebetez perimetralki itxita jarraitu beharko dute han ere.

Zumaiak, bestalde, intzidentzia tasa altuarekin jarraitzen du. 1.119,37koa da tasa han, baina behera egin du ostiraletik; izan ere, hamar kasu positibo zenbatu dituzte –hiru ostiralean, bost larunbatean eta bi atzo–. Zestoan, ostera, hiru kasu atzeman dituzte, bat larunbatean eta bi atzo, eta 539,29ko intzidentzia tasa du. Errezilen, Getarian eta Aizarnabazalen ere hauteman dituzte positiboak. Bina kasu baieztatu dituzte Errezilen eta Getarian –ostiraleko probetan hauteman zituzten bi herrietan kasuak– eta bat Aizarnazabalen. Hiru herriak eremu gorriaren barruan sartu dituzte, baina Jaurlaritzak hemendik minutu gutxira kaleratuko duen ebazpenaren zain egon beharko dute Errezilen herria perimetralki ixten duten edo ez jakiteko.

613 positibo Hegoaldean

Atzo, 9.854 test diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 613 positibo hauteman zituzten. 38 Araban, 268 Bizkaian, 191 Gipuzkoan eta 107 Nafarroan. Hori horrela, %6,22koa da positibotasun tasa Hego Euskal Herrian. Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta haren arabera atzo “COVID-19aren ondorioz” 45 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan. 520 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 195 pertsonak zainketa bereziak behar dituzte. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,89koa da

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!