Jone Olaskoaga: "Denboraldi osoan zehar erabilgarria izango den kanpina nahi dugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 4a, 15:32

Orioko Udal Kanpinean igerileku berria egingo dute urritik aurrera, behar denean itxita erabili daitekeen horietakoa. Proiektuaren garrantziaz aritu da Jone Olaskoaga kanpineko zuzendaria KARKARArekin.

Udal kanpinean igerileku berria egiteko proiektua onartu du Orioko Udalak.  1.380 metro koadroko azalera izango du eta igerilekuaren eta ur txorroen artean gune librea egongo da; zoladura gogorreko uharte bat izango da igerilekuaren eta jolaslekuaren inguruan eta kanpoko perimetro bat, berdegune osagarriarekin. Gainera, igerilekuak estalkia ere izango du, behar denean itxita erabili ahal izateko, eta hala, igerileku klimatizatua eskaini ahal izateko erabiltzaileei.

Orioko udal kanpineko zuzendari Jone Olaskoagaren iritziz, kanpinarentzat "oso garrantzitsua" da igerileku berria egitea. "Ikusten dugu gaur egungoa oso zaharkituta dagoela eta dituen beharrak konpontzeko inbertsio handia egin behar dela. Gainera, orain igerilekuak duen kokagunea ez da aproposena, eta horrelako inbertsio garrantzitsua egin aurretik, Udalari egokiagoa iruditu zaio igerilekua tokiz aldatzea eta berria egitea", azaldu du.

Kanpineko zuzendariak azaldu duenez, orain arte bisitariek ez dute eskatu igerileku estalia izaterik, baina proiektua azaldu dietenean, "asko poztu" dira. "Zerbitzua hobetzeko" ere balioko duela uste du gainera Olaskoagak. "Turismo sektoreko eragileek gurea bezalako kanpin txikiei bultzada eman nahi dietenean, saiatzen dira denboraldi osoan zehar erabil daitezkeen zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzen. Denboraldi osoan zehar erabilgarria izango den kanpina nahi dugu, ez dadila izan uda sasoirako zerbitzua bakarrik", zehaztu du. 

Bungalowen osagarri
2013an etxetxo edo bungalowak jartzeko inbertsio handia egin zuen Orioko Udalak eta ostatu mota hori oso emaitza onak ematen ari dela azaldu du Olaskoagak. "Dena dela, ikusten dugu horiei zerbitzua emango dien beste zerbait sortu behar genuela, beste kanpinen aldean desberdinak izateko. Gaur egun, ez dago igerileku estalia duen beste kanpinik Gipuzkoako kostaldean, eta uste dugu igerileku estalia izatea bereizgarri izango dela Orioko kanpinarentzat. Azken finean, gure nahia da kanpineko zerbitzuak hobetzea da eta horretan saiatzen ari gara, gure bezeroak gustura eta eroso senti daitezen".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!