"Ikusleak argazkien bidez New Yorkera bidaiatzea nahiko nuke"

Iñigo Gaiton 2021ko mai. 5a, 14:16
Iban Egiguren Salatxon jarri duen erakusketan. (Iñigo Gaiton)

Astelehenetik ikusgai daude Iban Egigurenek New Yorken egindako argazkiak Salatxo tabernan. Atzo itzuli izan balitz bezala du gogoan 2018an egindako «ametsetako bidaia».

Zer inpresio eragin zizun New Yorkek ailegatutakoan?
Kuriosoa da, dezepzio moduko bat sentitu nuen aireportutik hiriaren erdigunera iritsitakoan. Ez zitzaidan gustatu zalaparta, jendetza, giroa... Dena den, gauzak hotelean utzi, pixka bat deskantsatu eta iluntzean lehen bueltatxoa eman genuenean, berehala hasi ginen gozatzen bikotekidea eta biok. 

2018an egin zenuen bidaia. Nolatan orain erakusketa?
Salatxo tabernakoek nire argazkiekin erakusketa jartzea proposatu zidatenean, New Yorkeko materialarekin egitea erabaki nuen. Izan ere, argazkigintzan murgildu nintzenetik amesten nuen hara joatearekin, eta bidaia berezia izan zen. Berez iaz prestatu behar genuen erakusketa, baina bertan behera geratu zen izurriagatik, eta orain jarri dugu. 

Erakusketa bat prestatzeko orduan, zer da zailena?
Argazkilari gehienei gertatzen zaiena: argazkiak aukeratzea. New Yorkeko bildumako irudi asko gustatzen zaizkit, eta gogorra da aukeratu beharra. Lehen hautaketan 30 argazkirekin geratu nintzen, eta gero zaila izan da horietatik hamabost aukeratzea erakusketarako. 

Zertan oinarritzen zara lan hori egiteko? 
Erakusketa bisitatuko duten pertsonen begietan jartzen naiz, eta horrela, errelato bat sortzeko saiakera egiten dut. Argazki bakoitzak zerbait kontatu behar du, baina, horrez gain, guztiek istorio bat osatu behar dute. Erakusketak hari bat du niretzat, eta horren arabera joaten naiz argazkiak aukeratzen. Kasu honetan, ikusleek argazkiekin eta irudimenaren bidez New Yorkera bidaia bat egitea nahi nuke. 

Bidaia egin aurretik, argi al zenuen New Yorken zer motatako argazkiak egin nahi zenituen?
Bidaiaren aurreko bi hilabeteetan hiriari buruzko bideo eta argazki piloa ikusi nituen, eta hara iristerako banekien nora jo eta zer ikusi. Dena den, hamar egunean batera eta bestera ibili izanagatik, hiriaren zati txiki bat bakarrik ikusi izanaren inpresioarekin itzuli nintzen. 

Zerk eman zizun atentzioa? 
New Yorkeko kaleen bizitza nabarmentzea topiko bat izan daiteke, baina ikaragarria da; inpresioa eragin zidan. Kaleko jendeak argazkietan ateratzeko duen jarrera irekia ere harrigarria egin zitzaidan; hemen kontrakoa gertatzen da. 

Estimulu asko dituen hiria da New York. Asko kostatu al zitzaizun argazkiak zeri egin aukeratzea? 
Oso lasai hartu nuen, ez nintzen erotu. Opor bidaia ere izan zen, eta begiradari lasai lan egin zezan laga nion. Gustuko zerbait ikusitakoan bakarrik egin nituen argazkiak, ondo aukeratuz.  
Bidaiatzea galarazita dagoen garaiotan, are bereziagoa izango da irudiei erreparatzea. 
Bai, guztiz. Erakusketa prestatzen jardun dudanean, itzultzeko gogo ikaragarria sartu zait.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!