Oriotarrak, Donostiako olatu artifizialaren aurkako mugimenduaren lehen sinatzaileen artean

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 5a, 11:00

Martutenen eraiki nahi duten surf parkearen proiektua bertan behera uzteko eskatu dute Gipuzkoako hondartza guztietako hainbat surflarik, “Olatu artifizialik ez Donostian!” lelopean. Orioko Surf Taldeko lau kide daude “proiektua geldiarazteko 15 arrazoi sendo” biltzen dituen dokumentuaren lehen sinatzaileen artean.

Donostiako Udalak surf parka eraikitzeko asmoa du Martutene auzoko Antondegi Gainean, itsasotik lau kilometro eskasera. Aizarnazabaleko Wavegarden enpresarekin batera garatu dute proiektua, eta iragarri zutenetik zeresan handia ematen ari da. Izan ere, Donostiako ·”gerriko berdea” deritzon ingurune naturalean egin nahi dute olatu artifiziala, eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen kalteekin kezkatuta, kontra azaldu dira hainbat talde eta norbanako. Hala, surfaren eta ekologiaren alorreko zazpi elkartek Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan kolektiboa eratu zuten martxoan, proiektua geldiaraztea eskatzeko; tartean dira Surfider Foundation Europe, Eguzki talde ekologista eta Itsas Enara elkarte ornitologikoa, besteak beste. Greenpeaceren babesa ere jaso du kolektiboak.

Ingurumena babestea helburutzat joz, egitasmoa ez gauzatzearen aldeko hainbat argudio plazaratu zituen kolektiboak zabaldutako lehen oharrean. Orain, arrazoibide horien osagarri modura, Donostian olatu artifiziala egitearen kontra dauden surflariek dokumentu bat aurkeztu dute, 15 arrazoi gehiagorekin. Gipuzkoako hondartza guztietako surflarien sinadurak ere biltzen ditu dokumentuak; Orioko Surf Taldeko lau kide ere badaude lehen sinatzaileen artean: Andoni Fernandez —olatu handietako surflaria—, Aurora Makazaga —Emakumea Surflari kolektiboko kidea—, Iñigo Urdinaga —Surflaria eta paradisua liburuaren egilea— eta Unai Aizpurua.

Azpimarratu dutenez, Donostiako Udalaren proiektuak ez dio surf komunitatearen eskaera edo behar bati erantzuten, eta aurrerantzean sinadura bilketa zabalagoa egiteko eta mobilizatzeko asmoa azaldu dute.

Eskualde mailan, surflari hauek daude dokumentuaren lehen sinatzaileen artean:

- Orio: Andoni Fernandez Ostolaza, Unai Aizpurua, Aurora Makazaga eta Iñigo Urdinaga

- Zarautz: Lo Eizagirre, Miriam Imaz, Mikel Troitiño

- Getaria: Ganix Arakistain, Iñigo Herrero

- Zumaia: Alex Uranga

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!