OBBk berdinketa lortu zuen Madrilen asteburuan

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 5a, 16:15

Ligako seigarren jardunaldia jokatu zuten Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalariek lehengo asteburuan, Dridma taldearen kontra. Bartzelonan izango dira datorren asteburuan.

Lehengo asteburuan, OBBko jokalariek Madrilera bidaiatu zuten Dridma taldearen kontra indarrak neurtzeko. Ohi bezala, jardunaldian bi partida jokatu zituzten taldeek elkarren kontra, eta bakoitzak bana irabaztea lortu zuten.

Aurreneko partida estua izan zen, eta oriotarrek aurrea hartu arren, berehala lortu zuten berdinketa madrildarrek. Gero, oriotarrek bi puntu gehiago lortu zituzten, eta 2-3 markagailuarekin bukatu zen lehen norgehiagoka. Bigarrengoan, Dridmak bederatzi puntuko aldea lortu zuen lehen sarreran, eta abantaila horrek partida osoa baldintzatu zuen. 14-7 markagailuarekin izan ziren garaile madrildarrak.

Ainara Larrazak batearekin egindako lana azpimarratu du OBBk, eta jaurtitzaile modura ere lan aparta egin zuen. Datorren asteburuan Bartzelonara bidaiatuko dute, Viladecans taldearen kontra aritzeko.

 




KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!