30 urte Euskal Herri euskaldun baten alde lanean

Anartz Izagirre 2021ko mai. 5a, 17:00

Duela hiru hamarkada, gaurko egunez, jaio zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) Aizarnazabalen. Sorreran hemeretzi udalek osatzen zuten mankomunitatea, eta egun, 88 dira. Aia eta Azkoitia izan ezik, eskualdeko gainontzeko herri guztiak daude egun Ueman.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) 30 urte bete ditu gaur. Izan ere, 1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten Uema hemeretzi udalek, Aizarnazabalen, eta egun, biztanleen %70etik gora euskaldunak diren 88 udalek osatzen dute mankomunitatea. Duela 30 urteko maiatzaren 5 hartan Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zuten Aizarnazabalen, eta festa nahiz aldarrikapena uztartuz, Uema osatzen zuten hemeretzi udaletako hautetsiek mankomunitatearen sorrerako batzarra egin zuten. Honako herri hauetako hautetsiak izan ziren sorreran: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia.

Urtebete beranduago, 1992. urtean erregistratu zuten mankomunitatea, eta erakunde publiko bilakatu zen Uema. Sorrerako hemeretzi udalerriak tamaina txikikoak zirenez, udalak euskalduntzeko behar ziren baliabideak eskaintzen eta ematen hasi zen mankomunitatea, eta urteek aurrera egin ahala udal gehiago batu ziren Uemara. Bitarte horretan, arazoak ere izan ziren, 1995. urtean Espainiako Epaitegi Gorenak Uemaren estatutuak ez-legezkotzat jo baitzituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen.

Duela zenbait urte, udalak euskalduntzeaz gain udalerriak euskalduntzearen garrantzia azpimarratu zuen mankomunitateak, eta “herritarren kontzientziazioan eragiteko”, hainbat ildo eta zerbitzu berri abiarazi zituzten. 

Eskualdeko bederatzi herri, Ueman

Egun, 88 herrik osatzen dute Uema, eta Urola Kostako 11 herritaetik bederatzi daude bertan: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Eskualdeko herri horiez gain, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako beste hainbat herri daude Ueman, eta guztien artean, 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgunea osatzen dute.

Uemaren 30. urteurrena ospatzeko, aurtengo lehen batzarra Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) egingo dute, maiatzaren 29an. Horren ondoren, “ekitaldi xume bat” egingo dute hango Gurea antzokian; euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak izango dira bertan, eta besteak beste, Uemak 30 urte hauetan egindako bideari errepasoa emango diote.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!