Orion arraunketa olinpikoan egindako lehen urratsak gogoan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko mai. 6a, 08:54
Jesus Mari Perona Donostian duen tailerrean. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Orio Arraunketa Elkartearen sorrerako filosofia eta ilusioa oroitzeko lana sortu berri du Jesus Mari Peronak, koaderno formatuan. Horren bidez, herritar askok isilpean egindako lana aitortu du oriotarrak.

Maisua da Jesus Mari Perona itsasontzien maketagintzan, eta hainbat aitorpen jaso ditu arlo horretan. Dena dela, arraunarekin ere erlazio estua izan du beti, eta Orio Arraunketa Elkartearen lehen urteak jasotzen dituen lana sortu du koaderno formatuan: Memoria arraunlari. «Duela bi urte, 1973ko zortzikoa osatu genuen arraunlariak juntatu ginen Balea elkartean, 45. urteurrena ospatzeko. Otordu horretan Iñaki Arrillagak gogoratu zigun marka ona egin genuela zortzikoarekin, 05:49 denbora hain zuzen ere». Hari horri tiraka hasi zen Perona dokumentuak arakatzen, urte askotako artxibo lana baitu. Horrez gain, Patxi Sarasuari ere eskatu zion laguntza. «Hark bilduta zuen guztia erakutsi zidan, nik behar nuena har nezan: Orioko arraunaren historia jasotzen duen argazki bilduma handia du Sarasuak, urte askotan egindako lanaren fruitua», azaldu du. Lanean garaiko egunkarietako artikuluak, argazki zaharrak, markak eta beste hainbat bitxikeria jaso ditu. 

Peronak Orio Arraunketa Elkartearen lehen urte horietako filosofia ekarri nahi izan du gogora. «Askotan traineru estropadei berebiziko garrantzia ematen zaien arren, uste dut arraunketa olinpikoak egin duela Orioko arraun elkartea handi. Kontuan hartu behar da tostako arraunketaren oihartzuna oso mugatua dela, Kantauri itsasoan soilik jokatzen delako. Arraunketa olinpikoan, ordea, garaipen handiak lortu ditu Oriok eta munduko talde onenen aurka aritu da. Horregatik, nire iritziz Orioko arraunketa elkartea ez litzateke gaur egun dena izango arraunketa mugikorrik gabe», azaldu du.

Gazteen ilusioa
Peronak bere lanean gogoratu du herriko gazte talde batek sortu zuela Orio Arraunketa Elkartea 1965ean. «Oriok 1964an arrakasta handia izan zuen tostako arraunketan, eta garaipena aitortzeko Espainiako Gobernuko Kirol ordezkari Jose Antonio Elola jaunak bikoa oparitu zien oriotarrei. Ontzia ikusgai egon zen banderen bedeinkazioan herriko plazan, eta ikusmina sortu zuen herritarren artean»; Patxi Sarasuak eta Juan Lizarralde Altxerrik estreinatu zuten ontzia. 

Hurrengo urtean sortu zuten Orio Arraunketa Elkartea Emilio Olazabal zarauztarren laguntzarekin, arraunketa mugikorra sustatzeko asmoz. Tartean ziren Patxi Sarasua, Antonio Campos, Iñaki Agote, Vicente Zaldua, Miguel Santamaria eta Luciano Manterola. Pixkanaka, ontzi berriak lortu eta herriko gazteak arraunketa mugikorra probatzera animatu zituzten. «Garai hartako gazteek ilusioz hartu zuten proiektua. Kirol arloan emaitza bikainak eskuratu zituzten, eta, gainera, elkarteak oso denbora gutxian mila bazkidetik gora izatea lortu zuten. Ontziak gordetzeko tokirik ez zutenez, Lontzoneko biltegia ere utzi zieten musu-truk». 

Urrats txikiak eginez errotu zen arraun elkartea herrian, eta bidean herritar askoren laguntza izan du. Hain zuzen, horiek guztiak aipatu ditu Peronak bere lanean, «isilpean egindako lanaren omenaldi gisa». Orain, egileak nahi luke Memoria arraunlari lana erakunderen batek argitaratzea herritarren eskura izan dadin, baina, bien bitartean, interesa dutenei PDF formatuan bidaltzen ari da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!