Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko mai. 6a, 13:00

Izurriteak hobera egiten jarraitzen du bi herrietan, eta intzidentzia tasak ari dira jaisten, poliki bada ere: Orion 538,16 da tasa gaur, eta Aian 1.007,56.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren inguruko txostena. Dokumentu horren arabera, Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan. Azken egunotan eskualdean gertatzen ari den bezala, Orion eta Aian ere apaldu egin da positibo kopurua, eta egoera ari da apurka hobera egitean. Hala, Oriok 538,16ko tasa du gaur, eta Aiak 1.007,56koa.

Urola Kostari dagokionez, 23 positibo detektatu ditu Osasun Sailak atzo egindako probetan, herenegun baino hamabi kasu gutxiago. Horrekin batera, herri ia guztietako intzidentzia tasek behera egin dute azken 24 orduetan. 

23 kasuak Zarautzen, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian atzeman dituzte. Zarautzen zortzi positibo hauteman dituzte, eta 903,76ko intzidentzia tasa dute han, atzo baino 30 puntu baxuagoa. Azkoitian, bestalde, zazpi kasu atzeman dituzte eta 909,62ko intzidentzia tasa du, atzo baino 42 puntu baxuagoa. Azpeitian eta Zumaian launa kasu zenbatu dituzte. Azpeitian egoera hobera egiten ari da azken egunetan; izan ere, 473,06ko intzidentzia tasa dute –atzo baino sei puntu baxuagoa–, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztien artean baxuena. Zumaian, berriz, bestelakoa da egoera. Eskualdeko herri handienen artean intzidentzia tasa altuena dute han, 946,37ko zenbatekoarekin –41 puntu egin du behera atzotik–. 

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten kasu positiborik atzeman atzo. Intzidentzia tasa altuetan jarraitzen dute, halere, herri guztiek. Aizarnazabalen 1.300,39koa da intzidentzia tasa, Errezilen 1.127,21ekoa, Getarian 459,36koa eta Zestoan 513,61ekoa. Beizaman, aldiz, intzidentzia tasa zeroan dute.

Positiboak, kopuru altuetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak emandako informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian 809 kasu positibo baieztatu zituzten atzo 13.965 PCR eta antigeno proba egin ondoren. Lurraldeka, 66 kasu detektatu zituzten Araban, 358 Bizkaian, 237 Gipuzkoan eta 136 Nafarroan. Positibotasun tasa, berriz, %5,8koa izan zen atzo Hego Euskal Herrian.

Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen erietxeetan. Egun 425 pertsona daude ospitaleratuta, eta 183 lagunek zainketa berezia behar dute. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa edo R0 indizea, aldiz, 0,87koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!