Balearen Eguneko "festa handia" ez ospatzeko erabakia hartu du udalak

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 11a, 15:54

"Penaz" hartutako erabakia izan dela azaldu du Anuska Esnal Orioko alkateak. "Begi bistakoa da egoerak ez duela aukerarik ematen horrelako ospakizun bat egiteko", egin dio erreferentzia izurriteak eragindako osasun krisiari. Dena den, Balearen Eguna ospatu ez arren, ekimen solteak egingo dira.

Orioko Udalak plazaratu duen oharraren arabera, aurten ez da ospatuko Balearen Eguna. 2001ean aurreneko aldiz egin zenetik, bost urtetik behin ospatu izan da festa herrian, eta izurriaren ondorioz, aurten ezingo da egin bosgarren edizioa. Udalak azaldu duenez, "urte gutxitan Orioko herriaren nortasunaren erakusgarri" bihurtu da festa, baina "egoerak bultzatuta", ez antolatzea erabaki dute. Gehitu dutenez, "herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzea" da udalaren lehentasuna.

Anuska Esnal alkateak jakitera eman duenez, "penaz" hartu dute erabakia udalean. "Ospakizun handia antolatuko ez bada ere, izango dira ekimen batzuk, herritarrek eta eragileek segurtasun-arauak betez antolatuta", iragarri du. Segidan, ekimen horiek antolatu dituzten norbanako eta taldeei egin die erreferentzia: "Ikusten da herri honek tinko eutsi nahi diela bere nortasun-ezaugarriei, eta Balearen Eguna da horietako bat".

Amaieran, alkateak azaldu du oraindik ere "gure burua eta hurkoena zaintzeko garaia" dela. "Etorriko dira garai hobeak!", bukatu du baikor.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!