Etxez etxeko zaintza zerbitzua indartzea adostu du Orioko Udalak

Iñigo Gaiton 2021ko mai. 12a, 10:45

Orioko Udalbatzak aho batez onartu zuen apirilean etxez etxeko zaintza zerbitzuaren arautegi berria. Bestalde, langile baten eskaria onartuz, aitatasun eta amatasun baimenak ere parekatu egin dituzte.

Orioko Udalbatzak ohiko bilkura egin zuen apirilaren 29an. Zinegotziek zortzi puntu landu zituzten guztira, ordu erdi inguru iraun zuen saioan; horien artean, onarpena eman zitzaion, aho batez, etxez etxeko zaintza arautzen duen udal arautegian egindako aldaketei.

Orioko alkate eta Berdintasuna eta Gizarte Ongizate batzordeko buru Anuska Esnalen esanetan, onarpen horri esker «indartu» egingo da mendekotasuna duten herritarrei etxebizitzetan ematen zaien zaintza: «Etxez etxeko zerbitzuak urteak daramatza martxan, ez da berria. Aurreko kontratua bukatu egin zela aprobetxatuz, araudi berriari aldaketak egin dizkiogu, bizi dugun egoerara hobeto egokitzeko. Orioko 25 familiak jasotzen dute zerbitzua, eta aurrerantzean hori bermatuta egoteko helburuarekin egin dira aldaketak araudian».

Orioko Udalak 365 egunez emango die zerbitzua behar dutenei, udalbatzak onartutakoari esker. Esnalek azaldu duenez, Gizarte Zerbitzuen alorrean «oinarrizkoa» da etxez etxeko zaintza. «Mendekotasun egoeran dauden pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien mantentzeko helburuarekin egiten da, maite duten jendearen ondoan, hori onuragarria delako zainduaren eta familiaren ongizatearentzat. Horrez gain, familiako kideen kontziliazioarentzat ere lagungarria da», argitu du alkateak.

Gizarte Zerbitzuen sailean etxez etxeko zerbitzua «oso preziatua» dela ere nabarmendu du, behaketarako tresna modura ere balio dielako: «Zainduek eta familiek izan ditzaketen beste beharrizanei buruzko informazio asko biltzen dugu zerbitzuari esker».

Laguntza eskaerak, gora
Egoeraren arabera, modu bateko edo besteko laguntza ematen da etxebizitzetan, eta hori izan daiteke garbiketa lanetarako, higiene pertsonalerako edo Eguneko Zentrora laguntzeko, besteak beste. 

Laguntza jasotzeko egun kopurua ere beharraren arabera zehazten da, gizarte langileak erabiltzailearekin edota bere familiarekin egindako prozedura eta elkarrizketen bidez adostuz.
Esnalek dioenez, etxez etxeko zerbitzua Gizarte Zerbitzuetarako sarrera izaten da sarritan. «Kasu bakoitza desberdina izan ohi da, eta hori da guretzat erronkarik handiena; pertsonak gure baliabideetara egokitu baino, baliabideek egokitu behar dutelako pertsona bakoitzera. Etxez etxeko laguntza oso baliabide moldagarria da, eta sarritan tele-alarmarekin batera gizarte zerbitzuetarako sarbidea izaten da, lehen pausua alegia».

Laguntza kopuruen mugen inguruan galdetuta, alkateak zehaztu du ez dagoela kupo zehatzik: «Koronabirusaren krisia hasi zenean erabaki genuen ez zela laguntza kopurua mugatuko, egoeraren larritasunak hala eskatzen baitzuen. Horregatik, gizarte alorrera bideratu dugun aurrekontua bost aldiz handiagoa izan da azken bi urteetan, laguntza behar duten norbanako eta familien kopuruak gora egin duelako».

Aitatasun eta amatasun baimenak pareko
Udalbatzarra bukatu aurretik, gai zerrendan agertzen ez zen puntu bat ere aho batez onartu zuen udalbatzak. Udaleko langile batek egindako eskaera bati jarraiki, zinegotziek onarpena eman zioten aho batez amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeari.

Jon Carrera idazkariak azaldu zuenez, orain arte 18 asteko amatasun baimena zuten Orioko Udaleko langileek: 16 aste Gizarte Segurantzaren gain geratzen dira, eta hobekuntza modura, beste bi ematen ditu udalak. Aitatasunari dagokionez, azken urteetan aldatzen joan da baimena, eta gaur egun, Gizarte Segurantzak 16 asteko baimena ematen du; bada, langilearen eskaerari erantzunez, aitatasun baimenari ere hobekuntza egingo dio Orioko Udalak, amatasun baimenarekin parekatuz, denera 18 aste izateko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!