Larunbat honetan banatuko dituzte eskola-umeen literatur lehiaketako sariak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 13a, 11:11

Aurreko urtean bertan behera geratu zen sariketa eta, hortaz, 34. edizioa izan da aurtengoa. Arraunetxeko goiko aretoan egingo dute sari banaketa larunbat honetan.

Iazko geldialdiaren ostean, eskola-umeen literatur eta marrazki lehiaketa berrartu du aurten udalak. Urtarrilean ireki zuten lanak aurkezteko epea, eta ikasleek martxoaren 18ra arte izan zuten horretarako tartea. Erabakita dago jada zeintzuk diren 34. edizioko lan sarituak, eta larunbat honetan, maiatzaren 15ean, egingo dute sari banaketa.

Arraunetxeko goiko aretoan izango da ekitaldia, 11:00etan hasita. Segurtasun neurriak direla-eta, ordea, bi txandatan banatu beharko dituzte sariak. Lehen Hezkuntzako ikasleek jasoko dituzte sariak 11:00etan, olerkien, ipuinen nahiz marrazkien arloetan; 12:00etan, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei emango dizkiete sariak, olerkien, ipuinen nahiz marrazkien arloetan, kasu horretan ere.

Jakinaren gainean daude sarituak izango diren gazte guztiak, eta pertsona batek lagundu ahal izango die sari banaketara. Oroitagiri eta liburu bana jasoko dute irabazleek, bai eta edizio honetako lan saritu guztiak jasotzen dituen liburu bana ere.

Izan ere, aurreko urteetan egin modura, liburu bat sortu dute olerki, ipuin eta marrazki saritu guztiekin. 100 orrialde ditu, eta Iraia Lozanok egin du azala. Hitzaurrea, berriz, Libana Taboadak idatzitakoa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!