Iturbide, Antxiola eta Estropalari kaleak konponduko ditu Orioko Udalak datozen asteetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 15a, 09:14

Iturbide eta Antxiola kaleetako lanak abiatuko ditu udalak aurrena, eta hiru aste barru hasiko dira Estropalari kaleko lanekin.

Orioko Udalak jakinarazi du Iturbide, Antxiola eta Estropalari kaleetako lurzoruan konponketak eta asfaltatze lanak egingo dituela. Izan ere, kale horietako lurzorua egoera txarrean dagoela azaldu du, eta beharrezkoa ikusi du konpontzeko. Lanek irauten duten bitartean ibilgailuen pasaera itxiko da kale horietan zenbait unetan eta aparkatzeko aukera ere mugatu egingo da.

Gainera, lanak egin ahal izateko hondakin-guneak tokiz mugituko dituzte Antxiola eta Iturbide kaleetan. Batetik, Iturbide kaleko hondakin-gunea kalearen beheko aldean kokatu dute, iturriaren ondoan, pilotalekuaren atzealdean, baina oraingo txartel berberarekin ireki ahal izango dituzte edukiontziak bizilagunek.

Bestetik, Antxiola kaleko hondakin-gunea kendu egingo dute asfaltatze-lanek irauten duten lauzpabost egunetan; hala, egun horietan, bizilagunek Aita Lertxundi kaleko hondakin-gunea erabili beharko dute.  Hori dela eta, egun horietan irekita egongo dira errefusako eta organikoko edukiontziak, txartelik gabe erabili ahal izateko.

Estropalari kalea
Estropalari kalea ere asfaltatu egingo du Orioko Udalak, 18 zenbakidun portaletik 30.era arte, eta hortik hondartza-bideko bidegurutzera arte. Lanak hiru bat aste barru hastea aurreikusi dute eta bi aste iraungo dute. Asfaltatze-lanak egiten diren bitartean, aparkalekuak libre utzi beharko direla ere jakinarazi du udalak, eta ibilgailuen zirkulazioa moztu egingo da une jakin batzuetan.

Orioko Udaleko arduradunek jakin badakite Hondartza-bideko errepidea ere egoera txarrean dagoela; baina hori irailetik aurrera konpontzea da asmoa. Zehaztu duenez, "asfaltatze-lanak bidegorria luzatzeko lanekin batera" egingo ditu udalak. Bitartean, dauden zuloak estaliko dituzte.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!