Euskadiko txapeldunordea da Orio Eragin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 16a, 15:38
Sinergia Orio taldeko neskak koparekin, txapelketa amaitu berritan.

Oñatiko Aloña Mendik irabazi du kadete mailako Euskadiko Txapelketa, baina Orio Eragin klubeko arduradunak "oso harro" daude neskek egin duten lanaz.

Orio Eragin Eskubaloia elkarteko kadeteek Euskadiko txapelketako finalak jokatu dituzte azken egunetan. Sinergia Orio taldeak Eibar, Aloña Mendi eta Kukullaga izan ditu aurkari, eta lauko finalean bigarren postua eskuratu du, oñatiarren aurkako gaurko partida galdu ondoren.

Ostiraleko eta larunbateko partidak irabazi zituzten oriotarrek, baina gaur ezin izan dute Aloña Mendiren aurkako norgehiagoka irabazi. "Gaurko partida erabakigarria zen, irabazten bagenuen edo hiru puntugatik edo gutxiagogatik galdu, txapelketa irabaz genezakeelako, baina laugatik galdu dugu, justu-justu, eta ihes egin digu txapelak. Oso txapelketa polita izan da, eta oso maila ona erakutsi dute neskek. Hala ere, urduritasunak eraginda edo, akats txiki batzuk egin ditugu gaurko partidan zehar eta horiek eragina izan dute emaitzan. Izan ere, kontua hartu behar da jokalariek maila honetan jokatu duten lehen torneo garrantzitsua izan dela asteburukoa", azaldu du Ander Agote taldeko entrenatzaileak.

Txapelketa bukatu berritan zaleak ere izan dituzte gogoan Orio Eragin klubeko kideek. "Pena eman digu gurasoek eta zaleek ezin izan dutelako txapelketa ikusi eta bigarren postu hau gurekin ospatu. Dena dela, uste dugu oraindik ere izango direla horrelako garaipen gehiago, infantilak eta jubenilak ere lan bikaina egiten ari direlako, eta etorkizuneko garaipenak denok elkarrekin ospatzea espero dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!