"Abestiak argitaratzen joan nahi dut, nire musika ezagutzera emateko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 27a, 11:07

Intza Unanue bere kantuak grabatzen aritu da estudioan, eta orain lehen kantuaren bideoklipa ontzen ari da. Lehen lana ekainean aurkeztu nahi du oriotarrak.

Estudioko lanean murgildu zara azken hilabeteetan. Zein da asmoa?
Otsailean Zestoako Gaztain estudioetan izan ginen hainbat abesti grabatzen, baina nire asmoa oraingoz ez da diskoa kaleratzea. Kantu solteak argitaratzen joango naiz. Lehenengoaren bideoklipa grabatzen ari gara orain, eta ekainean kantua eta bideoa aurkeztu nahi ditut. Horrez gain, pixkanaka estudioan grabazioak egiten jarraituko dugu; oraingoz, sei kantu aurreikusita ditut, baina gutxinaka bilduma osatzen joango naiz. Lehenengo bi abestiak bideokliparekin batera kaleratzea da asmoa eta, harreraren arabera, ikusiko dut bideoklipekin jarraitu nahi dudan, abestia soilik argitaratzea egokiagoa den edo diskoa kaleratzeko unea iritsi den.

Bakarlari gisa aritu zara orain arte, baina orain taldeaz hitz egiten diharduzu.
Bai, musikariak ditut bidelagun proiektuan: biolina, flauta, teklatua, baxua, bateria eta gitarra.

Zer moduzko esperientzia izan da estudioan grabatzea?
Oso ona. Eñaut Gaztañaga musikaria da Gaztain estudioetako arduraduna eta mimo handiz lantzen ari da proiektua. Emaitza polita aterako dela uste dut. Dena dela, aitortu behar dut nik neuk nahiago ditudala zuzenekoak, estudioko lana baino. Zaila iruditzen zait zuzenekoetan lortzen den doinu eta giroa estudioan lortzea. Badakit musikari asko gusturago geratzen direla estudioan lortzen duten emaitzarekin, baina niri alderantziz gertatzen zait, uste dudalako jendaurrean sortzen diren sentipenak eta abesteko modua estudioan sortzea oso zaila dela. Nire ahotsak gehiago transmititzen du zuzenean. Estudioa hotzagoa da.

Musikari dagokionez, egon al da bilakaerarik zure kantuetan?
Aurreneko kantua 2018an argitaratu nuen, ukelelea lagun nuela. Ordutik asko ikasi dut eta nire musikak ere eboluzio bat izan du. Gainera, uste dut proiektuan parte hartzen duten gainontzeko musika-tresnek jantzi egiten dituztela kantuak eta presentzia irabazten dutela. Ni neu ere heldutu egin naiz 2018tik eta hori nabari daiteke nire abestietako hitzetan eta doinuetan.

Zuzenekoak aipatu dituzu. Pixkanaka kontzertuak antolatzen ari al dira?
Entseatzen hasi ginen zuzenekoak ematen hasteko gogoz, baina Kosta Tailerra itxita izan da COVID-19a dela eta, eta ezin izan dugu nahi bezala entseatu.Gustatuko litzaiguke Euskal Herriko txoko desberdinetan kontzertuak ematea, baina izurriteak  zuenean baldintzatzen du egoera eta ez dakigu datozen hilabeteetan zer gertatuko den. Oraingoz entseatzen ari gara, baina ez dugu zehaztu datarik zuzenekoak ematen hasteko.

Hasieran, aipatu duzu oraingoz nahiago duzula abestiak pixkana argitaratu, disko oso bat kaleratu beharrean. Zergatik?
Disko bat sortzeak inbertsio handia eskatzen du, emozionalki nahiz ekonomikoki, eta gaur egun ez da batere erraza izaten diskoak saltzea. Horregatik, nahiago dut lehenengo publikoak nire musika ezagutzea; horretarako, abestiak kaleratzen joango naiz jendearen harrera ikusteko, eta horren arabera erabakiko dut merezi duen etorkizunean disko bat argitaratzeak.
Benito Lertxundirekin asko ikasi dut, eta hark abesti bat sortzen duenean, lehenengo kontzertuetan eskaintzen du eta gero grabatzen du. Modu horretan ikusten du publikoari kantu horrek zer eragiten dion, zer nolako erantzuna duen edo moldaketaren bat egin behar zaion. Horregatik, nire asmoa da bideoklipak Youtuben argitaratzea eta abestiak gainontzeko plataforma digitaletan.

Bakarkako bidea abiatu arren, jarraituko al duzu Benito Lertxundiren taldean?
Musikari askok talde desberdinetan jotzen dute, eta nik ere horixe egin nahi dut. Bakarkako ibilbidea abiatu berri dut, baina jarraitu nahi dut Benitoren taldean, musikari gisa asko ikasten dudalako berarekin eta biak guztiz bateragarriak direla uste dudalako. Proiektu bakoitzean rol desberdina dut, baina biak dira aberasgarriak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!