Astelehen honetan amaituko da antxoaren kanpaina

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 30a, 10:58

Baxurako flotak bihar, maiatzak 31, izango du antxoa harrapatzeko azken eguna. Aurtengorako ezarritako kuotaren %90era iritsi direla esan du Itsas Etxea kofradiak, eta gelditzen den %10 aurreragorako utziko dela.

Amaitzera doa antxoaren kanpaina. Bihar, astelehena, izango du baxurako flotak antxoa harrapatzeko azken eguna, ekainaren 1eko 00:00etatik aurrera indarrean sartuko delako debekua. Hala jakinarazi du ohar bidez Itsas Etxea kofradiak.

Aurtengorako ezarritako kuotaren %90era iritsi dira arrantzaleak, eta gelditzen den %10 aurrerago arrantzatzeko uztea erabaki dute. Hiru hilabeteko kanpaina izan da aurtengoa, martxoaren 1ean hasi baitzen. Aurten antxoa berdela baino lehen agertu dela esan du Itxas Etxeak. "Gure portuetatik oso gertu hasi ziren arrantzan, baina antxoa txikia aurkitu zuten, eta horren ondorioz, prezioak oso baxuak izan ziren", azaldu du.

Berdela arrantzatzeko utzi zuten antxoa albo batera, baina apirilaren erdialdetik berriz ibili dira antxoatan, "Kantabriako eta Asturiasko uretan batez ere". Arrantzaleen ordezkarien ustez, kanpainaren bigarren zatia "hobea" izan da, antxoa handiagoa aurkitu dutelako arrantzaleek.

Asteartetik aurrera, baporeak hegaluzetarako prestatzen ibiliko dira Orioko arrantzaleak.

"Biomasaren osasuna oso ona"

"Txosten zientifikoek erakutsi dute antxoaren biomasaren osasuna oso ona dela". Hala ere, antxoa asko arrantzatzen ari zirela ikusita, "sektoreak berak mugak ezarri dizkio bere buruari", kanpaina luzatu ahal izateko. Azaldu dutenez, horregatik, aste askotan lau egunetara mugatu dute arrantza.

Bestalde, gogoratu dute aurtengo kanpainan "aurrerapauso" bat egon dela, "gure antxoaren balioa nabarmentzeko". Izan ere, hemendik aurrera Eusko Label etiketa erantsiko diote antxoari.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!