Gutuna: Ohiko asteburu bat Orion

Karkara 2021ko mai. 31a, 10:05

Mikel Atxegak gutun hau bidali du KARKARAra. Salatzen duenez, asteburuan pilatutako hondakinen ondorioz hondartzako zakarrontziak gainezka eginda egon dira.

Asteburua pasa da, eta astelehenean errutinara itzultzearen nagiarekin batera, larunbatean eta igandean hondartza inguruan ateratako argazkiak iristen zaizkigu sakelakora. Tarteka, goizetako hego haizeak orrazturiko olatuen irudiak izaten dira, baina uda aldera, gutun honetan ikus daitezkeen argazkien modukoak iritsi ohi zaizkigu: hondartzako zakarrontziak gainezka eginda. Begi bistakoa denez, hondakinen kudeaketa ez da egokia hondartza inguruan. 

Zoritxarrez, gero eta maizago izaten da arazo hau, eta uda honetan askotan errepikatuko da. Osasun krisiaren ondorioz turismoak gora egin du Orion, eta baten batek pentsa dezake hori dela arazo honen arrazoia, baina lehenago ere izaten zen arazo bera.

Azpialdeko argazkian, iaz hondartzan gehigarri modura jarritako edukiontziak ikus daitezke gainezka eginda. Jendearen hondakinak kudeatzeko edukiontzi gehiago jartzeaz gain, arazoak beste kudeaketa bat eskatzen du. Bilketa maizago egin beharko litzateke, agian?

Kudeaketa desegokiak herriari ematen dion itxura txarraz gain, hondakinak behar bezala sailkatu ahal izatea eragozten du; zeharkako arazoak bultatzen ditu, zaborrak erraustegi edo zabortegien bitartez tratatu behar izatea, esate baterako. Bestalde, itsasoa hain gertu izanik, gainezka egiten duten hondakinek uretan amaitzeko arriskua dute, guretzat hain maitea den inguru naturala kaltetuz.

Hori guztia dela eta, hondakinen kudeaketa egoki bat izateko beharrezkoak diren konponbideak eskatu nahi dizkiegu agintariei, astelehen goizetan olatuen irudiak nagiari aurre egiteko hobeak baitira!


Iazko uztailaren 20an egindako argazkia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!