Garaipen batekin bueltatu da OBB Kanariar Uharteetatik

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 1a, 12:10

Kanariar Uharteetako Capitalinos taldearen aurka bi partida jokatu zituzten oriotarrek, eta garaipen bat lortu zuten. Hurrengo hitzordua etxean izango dute, Zaragozako Miralbuenoren aurka.

Asteburuko jardunaldian Kanariar Uharteetan izan zuen hitzordua Orioko Bate Bizkorrak taldeak, Capitalinos taldearen aurka. Bi partida jokatu zituzten eta oriotarrek garaipen bat lortu zuten.

Lehenen partidan etxeko taldea aurretik jarri zen markagailuan, lasterketa bateko aldearekin lehenengo sarreran. Dena dela, OBBk azkar erreakzionatu zuten eta hiru lasterketa osatzea lortu zuten, markagailuan aurrera eginez. Lehia estua izan zen, kanariarrek amore eman ez zutelako, eta azkenean etxeko taldearentzat izan zen garaipena.  

Bigarren partida, berriz, oso itxia izan zela nabarmendu dute OBBko kideek,  5. sarrera arte 0-0 berdinketa izan zelako. Kanariarrak izan ziren markagailua estreinatzen lehenak, baina oriotarrek azkar erantzun zuten era bi lasterketarekin aurretik jarri ziren. Lehia estua izan zen bigarren jardunaldian ere, baina OBBrentzat izan zen garaipena, 4-2 emaitzarekin. "Azken unera arte gogor eutsi genion partidari. Igone Etxeberria  jaurtitzaileak, esaterako, lan paregabea egin zuen defentsan eta baita erasoan ere. Bi hit bateatu  zituen 3 lasterketa lortuz. Momentu honetan taldeko bateatzailerik onena dela esango genezake", adierazi dute OBBko kideek.  Bestetik, Maialen Pison katxerrak egindako lana ere azpimarratu dute taldekideek, 4 jokalari kaleratu baitzituen.  

Hurrengo jardunaldia Orion jokatuko du OBBk Miralbueno Zaragozako taldearen aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!