Jon Mujika: "Tamaina oneko antxoa harrapatu da apiril erdialdetik aurrera, eta ondo itxi dugu kanpaina"

Iñigo Gaiton 2021ko eka. 2a, 10:26
Orioko bi bapore atzo, hegaluzetarako prestaketetan. Argazkia: Iñigo Gaiton

Orioko arrantzaleek astelehenean eman zioten bukaera hiru hilabeteko iraupena izan duen kanpainari. Azkarra izan da aurtengoa, eta kuotaren %90 arrantzatu da dagoeneko. Jon Mujika Orioko Kofradiako presidenteak azaldu duenez, aurten ere mendebaldera jo behar izan dute antxoa handiagoaren bila.

Orioko eta Getariako portuetako baporeek astelehenean itxi zuten udaberriko antxoaren kanpaina. Aurtengorako ezarritako kuotaren (26 milioi kilo) %90 harrapatu eta gero, gelditzen zaien %10 aurreragorako uztea erabaki dute. Azkarra izan da aurtengo kanpaina, normalean ekainaren amaiera aldera bukatzen baita.  

Martxoaren 1ean hasi ziren antxoatan arrantzaleak, eta Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentearen hitzetan, apiril erdialdera arte tamaina txikiko arraina ibili zuten. «Neurri eskasaren ondorioz, merke saldu zen», gehitu du. 

Kanpainaren bigarren zatian, ordea, handiagoa harrapatzeko aukera izan dute, eta horrek kanpaina «moldatzeko» aukera eman die. «Neurri oneko antxoa harrapatuta, prezioek ere lagundu dute, eta kanpaina ondo ixtea lortu da».  

Hirugarren urtez jarraian, eskualdeko flotak mendebaldera jo behar izan du neurri oneko antxoaren bila. Lehen euskal kostaldean harrapatzen zuten, eta aurten ere Kantabria, Asturias eta Galizia aldean ibili dira. 

Getariako portua «hutsa»
Itsasoaren tenperaturak eragina izan dezake antxoak azken urteetan izan duen mugimenduan, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentearen arabera: «Tamaina txikiko antxoa hobeto egoten da ur beroagoan, eta hemen, euskal kostaldeko zuloan, mendebaldean baino zertxobait epelagoa izaten da ura. Gu ez gara zientzialariak, baina bizitza osoa egin dugu itsasoan, eta joera hori ikusi dugu».   

Horren ondorioz, Getariako portua «hutsa» egon dela adierazi du Urrestik, kezkati. «Hemengo baporeek Kantabriako eta Asturiaseko portuetan saltzen dute antxoa, eta horrek ikaragarri jaisten du Getariako portuko mugimendua. Kaltea handia ari da izaten azken bizpahiru urteetan. Martxoan saldu zen zerbait, baina flotak mendebaldera egin eta gero, oso gutxi. Getariako portuko erosleek kanpora joan behar izaten dute arraina erostera». 

Kuotak banatzea helburu
Azken hiru asteetan «aspaldiko antxoa kantitaterik handiena» harrapatu da, Urrestiren hitzetan, eta horrek biomasaren osasuna ona dela erakusten du. Aurrera begira, baporeen artean kuotak banatzearen alde agertu da: «Itsasontzi bakoitzak kopuru zehatz bat izanez gero, arrantza presio gutxiagorekin egiteko aukera izango genuke, eta ez orain bezala, modu intentsiboan. Ontzi batek 200 mila kiloko kuota izango balu, adibidez, haien esku egongo litzateke  hori nola eta noiz arrantzatu erabakitzea. Hori onuragarria izango litzateke baporeentzat, eta zer esanik ez, baita itsasoarentzat eta antxoarentzat ere». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!