Bost positibo izan dira Orion azken orduetan, eta Aian bat

Andoni Elduaien 2021ko eka. 3a, 13:11

Eskualdean herenegun baino positibo gutxiago detektatu diren arren, Orion bost izan dira atzo egindako frogetan, eta 244,62an kokatu da intzidentzia tasa. Eremu laranjan dago herria. Aiak, aldiz, 50,38ko tasa du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno testetan herriz herri atzemandako kasu positiboen txostena, eta horren arabera, Orion beste bost positibo detektatu dituzte azken orduetan, herenegun izandako zifra bera. Hala, herriaren intzidentzia tasa 244,62ra igo da. Aian kasu bat detektatu dute, eta herriaren intzidentzia tasak apala izaten jarraitzen du: 50,38, hain zuzen ere.

Urola Kosta eskualdean kasu positiboek nabarmen egin zuten behera atzo herenegungo datuekin alderatuta. Asteartean 32 kasu zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo hamazazpi; kasuak erdira jaitsi ziren, beraz, atzo eskualdeko herrietan egindako PCR eta antigeno testetan. Zarautzen atzeman zituzten atzo positibo gehien; han sei kasu baieztatu zituzten eta 235,58ko tasa dute egun. Azkoitian, berriz, hiru positibo detektatu zituzten atzo, eta 425,60ko intzidentzia tasa dute han, eskualdeko altuena. Eremu gorrian dago azken asteetan Azkoitia.

Azpeitian eta Zumaian, aldiz, positibo bana detektatu zuten atzoko probetan. Azpeitiak 328,52ko tasa metatua du eta eremu laranjaren barruan jarraitzen du. Zumaian, berriz, 162,82koa da zenbatekoa eta eremu horiko herria da gaur-gaurkoz. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan, bestalde, ez zuten atzoko probetan positiborik hauteman.

Positibotasun tasa, %3,3an

Atzo, 11.247 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 368 kasu positibo hauteman zituzten. Lurraldeka, 41 kasu baieztatu zituzten Araban, 158 Bizkaian, 99 Gipuzkoan eta 67 Nafarroan. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten. Hori horrela, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3,3koa izan zen atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak bi puntu egin du behera, eta orain 207,75ekoa da.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Osakidetzako erietxeetan 161 pertsona daude egun ospitaleratuta, eta horietatik 91 dira zainketa berezia behar dutenak. Nafarroan, berriz, atzo bi pertsona ospitaleratu zituzten, baina inor ez ZIUan. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak aurreko astean gorakada izan bazuen ere, berriz ere beherako joera hasi du; 0,99koa da une honetan zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!