Udalak «urrats sendoa» eman du autokarabanen afera konpontzeko bidean

Iñigo Gaiton 2021ko eka. 4a, 11:00

Orioko Udalak hiru gune arautu ditu herritarren eta bisitarien autokarabanentzat eta ibilgailu luzeentzat. Bisitarien plazak 28ra mugatu dituzte, turismoa erregulatzea helburu hartuta.

Orioko Udalak hiru gune egokitu ditu herrian, herritarren eta bisitarien autokarabana eta ibilgailu luzeentzat. Autopista azpiko aparkalekuan, errio aldean, herriko ibilgailu luzeentzako 25 plaza egongo dira aurrerantzean. Handik metro gutxira, errepidearen bestaldean, bisitariek 18 plaza izango dituzte, eta Ortzaika auzoan beste 10. 

Anuska Esnal Orioko alkateak eta Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuak azaldu dutenez, «gustura» daude azken asteotan borobildu duten prozesuarekin, «alde guztiak konforme izatea», lortu dutelako. 

Agintaldia hasi zutenean, gaiari lotutako hiru arazo topatu zituzten: «Batetik, herritarren  autokarabanentzako eta ibilgailu luzeentzako aparkaleku jakin bat bilatu behar zela ikusi genuen, Mendibeltz zelaiaren ondoan, besteak beste, oinezkoen pasabideak oztopatzen zituztelako. Bestalde, turismoa erregulatzea ere funtsezkoa iruditu  zitzaigun, autokarabanazaleen kopurua nabarmen igo delako. Azkenik. auzo jakin batzuetako bizilagunekin ere adostasunetara iritsi behar izan dugu, egokitutako hiru guneen kokalekuak modu parte hartzailean adosteko», eman du jakitera Esnalek. 

Aferari konponbide bat eman diotela uste arren, gaiak haien mahai gainean jarraituko du, Munduateren arabera: «Erregulazio honekin orain arte sortu diren beharrak asetzea lortu dugu, eta urrats sendoa da. Jendearen ohiturak aldatzen doazen heinean, ordea, premia berriak sortuko dira, eta horietara moldatzea tokatuko zaigu». 

Prozesuarekin  «pozik»
Gaiak lanketa «luzea eta sakona» eskatu diela adierazi du Munduatek. Prozesu horri lotuta, astelehenean bilera egin zuten herriko autokarabana-jabeekin, eta «hogei herritar inguru» elkartu ziren: «Konforme agertu ziren haien ibilgailuentzat autopista azpian emandako kokalekuarekin».

Neurri horrekin, herrigunean ibilgailu luzeen mugimendua murriztea espero dute, irisgarritasuna hobetzearekin  eta autoentzat aparkaleku gehiago izatearekin batera. 
Esnal «oso pozik» agertu da, herritarrekin adostasunetara modu parte hartzailean iritsi direlako: «Batera egin dugu bidea, eta esan digutenez, haiek ere hala sentitu dute». 

Turismoa erregulatzeko helburua
Azken urteetan bisitarien autokarabana kopurua asko igo da Orion, eta udalean beharrezkoa ikusi dute horri muga jartzea. Hala, autopista azpiko bisitarientzako gunean, 18 plazakoan, ordaindu egin beharko da  (TAOren prezio bera), eta gehienez, jarraian bi gau egiteko aukera emango dute. Ura husteko eta betetzeko aukera izango dute bisitariek gunean bertan. Bestalde, Ortzaikako doako gunean, ez da zerbitzurik egongo. 

Datozen egunetan, hiru guneetan seinaletika eta galiboak jartzen hastea aurreikusten du udalak. «Uda honetan prest egongo gara araudi berria aplikatzen hasteko. Litekeena da heziketa prozesu bat egin behar izatea, erabiltzaileek funtzionamendu berria barneratu dezaten, isunak jartzen hasi aurretik», bukatu du Munduatek. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!