Abian da Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 6a, 09:43

Zumaiako Aitzuri pilotalekuan abiatu zuten atzo binakako lehia. Teniseko paleta modalitateko lau norgehiagoka jokatu zituzten; bertan izan zen Joseba Altuna oriotarra.

Abian da Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa. Banakako lehia jokatu ondoren, binakakoaren lehen jardunaldia jokatu zuten atzo, larunbata, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Teniseko paleta modalitateko lau norgehiagoka jokatu zituzten, hain zuzen. Xabier Olaziregik Lander Ortegarekin osatu zuen bikotea, eta aurrez aurre neurtu ziren Leire Esnalek eta Lorea Iribarrek osatutako bikotearen aurka. Esnalek eta Iribarrek lortu zuten garaipena, markagailua 15-13 utzita. 

Iraitz Huegunek eta Xabier Arizkorretak 15 eta 5 irabazi zuten partida Eneko Sagarmendi eta Aritz Lertxundiren aurkako lehian. Joseba Altuna eta Jurdan Arakistainek osatutako bikoteak, aldiz, ezin izan zituzten Sagarmendi eta Lertxundi mendean hartu. 15 eta 10 amaitu dute partida. Altunak eta Arakistainek Huegunen eta Arizkorretaren aurka, bestalde, 3 eta 15 galdu zuten.

Errenterian izango dira hurrengo partidak, ekainaren 12an. Finalak, aldiz, hilaren 26an jokatuko dituzte, Zumaian berriz ere. Teniseko paleta modalitateaz gain, Aitzuri pilotalekuan jokatuko dituzte gomazko paleta modalitateetako finalak ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!