Lan bikaina egin du Sinergia Orio taldeak Espainiako Sektoreko Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 7a, 14:22
Orio Sinergia taldeko neskak, txapelketa ikustera bertaratu ziren zaleekin. (Orio Eragin)

Bigarren postuan sailkatu dira beren multzoan, hiru partidatik bi irabazita. Taldeko aduradunek jokalariak zoriondu dituzte egin duten lanagatik, eta eskerrak eman dizkiete txapelketara bertaratu ziren gurasoei, "uneroko jarrera paregabea izan zutelako eta kiroltasuna erakutsi zutelako".

Orio Eragin eskubaloi klubeko Sinergia Orio taldeak Espainiak Sektoreko Txapelketa jokatu du asteburuan Bartzelonan, eta beren multzoan bigarren postuan sailkatu badira ere, taldeko arduradunak "oso gustura" daude neskek egin duten lanarekin. "Txapelketa bukatu zenean neskei nabarmendu genien oso harro egon behar dutela eman duten mailaz. Hemendik urte batzuetara konturatuko dira lortu dutena handia dela", azaldu du Ander Agote entrenatzaileak.

Txapelketako lehen partida ostiralean jokatu zuten oriotarrek, Nafarroako Uharte taldearen aurka. "Talde nafarra duela bi urte Espainiako Txapelduna izan zen infantil mailan. Bagenekin korrika dezente egiten zutela eta gu baino askoz indartsuagoak zirela. Horregatik, partida irabazteko defentsa on bat egitea ezinbestekoa zela uste genuen. Oso lan ona egin zuten neskek, eta partida osoan zehar 4-5 goleko abantailarekin ibili ginen", adierazi du entrenatzaileak. Dena dela, bukaeran, azken 15 minutuetan nafarren defentsak presio handia egin zien, eta egoera zaildu zitzaien oriotarrei, azken minutuetara berdinketarekin iritsiz. Hala ere, puntu bateko aldearekin garaipena Sinergia Oriorentzat izan zen.

Larunbatean, Lanzaroteko (Kanariar Uharteak) Tahiche taldea izan zuten aurkari. "Oso modu lasaian jokatzen duen taldea da hori eta bagenekien partidan zehar erritmoa markatzen bazuten, sufritu egingo genuela. Horregatik, partida osoan zehar erritmo konstante bat mantentzen saiatu ginen eta lortu genuen atsedenaldira 7 goleko abantailarekin iristea". Bigarren zatiaren hasiera oso ona egin zuten oriotarrek eta partida hautsi zuten; 39-24 emaitzarekin irabazi zuten norgehiagoka.

Azken jardunaldia
Igandean jokatu zuten Orio Eragin klubeko neskek azken jardunaldia. Lau punturekin iritsi ziren oriotarrak eta Sant Joan Despí etxeko taldea, berriz, hiru punturekin. "Azken partida hori finala modukoa izan zen guretzat, irabazten edo berdinketa lortzen bagenuen Espainiako zortzi talde onenen artean sailkatzeko txartela eskuratuko genuelako. Dena dela, jakin bagenekin oso partida zaila izango zela: batetik, etxean jokatzen zutelako kataluniarrek, eta, bestetik, fisikoki oso talde indartsua direlako. Gure taldeko jokalari batzuk, berriz, min hartuta iritsi ziren azken partidara. Hala ere, beren onena ematera atera ziren neskak kantxara, eta lan bikaina egin genuen, nahiz eta partida galdu", azaldu du Agotek.

Partidako lehen zatian oso lan ona egin zuten oriotarrek, atsedenaldian etxekoak puntu bat aurretik baziren ere. Bigarren zatian markagailuari eustea lortu zuten Sinergia Orio taldeko neskek, nekea eragiten hasi zitzaien arte. "Baloi galtzen batzuk izan genituen eta aukera aprobetxatzen jakin zuten kataluniarrek. Gainera, lan bikaina egin zuen Sant Joan Despiko atezainak, eta markagailuak ihes egin zigun. 32-24 emaitzarekin galdu genuen azken norgehiagoka", kontatu du entrenatzaileak.

Zaleak bikaina
Jokalariek txapelketan zehar egindako lana nabarmentzeaz gain, zaleek izan zuten jarrera ere azpimarratu dute Orio Eragin klubek arduradunek. "Eskerrak eman dizkiegu Bartzelonara bertaratu ziren gurasoei, uneoro jarrera paregabea izan zutelako eta kiroltasuna erakutsi zutelako. Baita ere, eskerrak eman herrira iritsi ginenean zubian harrera egin ziguten guztiei. Eskerrik asko benetan", adierazi du Agotek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!