OBBk jardunaldiko bi partidak irabazi ditu asteburuan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 9a, 09:41

Etxean jokatu zuten jardunaldia oriotarrek, Zaragozako Miralbueno taldearen aurka.

Pasa den asteburuan etxean jokatu zuen jardunaldia Orioko OBB taldeak, Zaragozako [Espainia] Miralbueno taldearen aurka, eta jardunaldi borobila izan zen OBBrentzat, bi partidak irabazi baitzituen.

Lehenengo partida Amaia Larraza jaurtitzaileak abiatu zuen, eta guztira 6 sarrera jokatu zituzten. Lehenengo sarreran, OBBk aurrea hartu zuen markagailuan lasterketa bat eginez, eta oriotarrek aukera aprobetxatu zuten hurrengo sarreretan lasterketa gehiago egiteko. Partida 7-0 emaitzarekin irabazi zuen etxeko taldeak.

Bigarren partidari Igone Etxeberria jaurtitzaileak eman zion hasiera, eta bigarren horretan ere OBBk aurrea hartu zuen lehenengo sarreran. Aurreko partidan bezala, Zaragozako Miralbuenok ez zuen lasterketarik lortu, eta 10-0 emaitzarekin oriotarrak izan ziren garaile.

Larraza eta Etxeberria "bikain"
OBBko kideek azken jardunaldi honetan bi jaurtitzaileek egindako lana azpimarratu dute. Izan ere, lehenengo partidan, Amaia Larraza jaurtitzaileak 12 pertsona kanporatu zituen, eta bigarren norgehiagokan, Igone Etxeberria sei jokalari. Horrez gain, Igone Etxeberriak 4 hit ere egin zituen, eta horietako batek Orioko taldeari lau lasterketa eman zizkion. Bestalde, Maialen Pisonek eta Amaia Larrazak egindako lana ere nabarmendu dute taldeko kideek, jokalari bakoitzak 4 hit egin zituelako; Sara Loidik ere "lan paregabea" egin zuen, 4 lasterketa lortuz.

Une honetan, Orioko OBB taldea Espainiako Ohorezko Sofbol Ligako bederatzigarren postuan kokatuta dago. Igandean lehenengo faseko azken partida jokatuko dute Valentziako Fenix taldearen aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!