"Dantzaz harago doan proiektua sortu nahi izan dugu lagun artean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 15a, 11:50

Haurra zenetik oholtzaz oholtza dantzan ibili da Ander Errasti (Orio, 1984), eta dantza konpainia berria sortu du hainbat dantzarirekin elkarlanean: Kimua Dantza Kolektiboa.

Kimua Dantza Kolektiboak urtebete egingo du udan. Zer dela eta erabaki zenuten dantza konpainia berria sortzea?

Lagun talde bat elkartu ginen dantzaren inguruko proiektu desberdin bat sortzeko asmoz. Alde batetik, lagunartean dantzaz gozatzen jarraitzeko aukera emango zigun ekimena sortu nahi genuen, baina maila horizontal batean antolatua; hau da, taldekide guztien parte-hartzea sustatuko zuen proiektua, guztion iritzi eta ekarpenak kontuan hartuko zituena. Hain zuzen ere, horregatik jarri genion Kolektiboa abizena taldeari.
Bestetik, dantzaz harago zihoan proiektua ere sortu nahi genuen. Hasieran, kolaborazioak egiten hasi ginen artista desberdinekin, baina gure asmoa zen ikuskizun berezi bat sortzea. Hari horri tiraka, sortu genuen GenEroa ikuskizuna, hil honen amaieran estreinatuko duguna. Bertan generoaren gaia jorratuko dugu dantzaren bidez, bizitzako arlo guztietan oso presente dagoen gaia delako. Emanaldiak bi zati izango ditu: dantza ikuskizuna eta mediazioa.

Mediazioa entzundakoan irakurle bat baino gehiago harritu egingo da. Zertan datza GenEroa ikuskizuna?
Kaleko ikuskizuna da. Lehen zatian dantza izango du oinarrian eta bigarrenean, mediazioa deiturikoan, hausnarketarako bidea ireki nahi dugu. Guri gustatuko litzaiguke publikoak parte hartzea, baina jakin badakigu ez dela erraza ikuskizunaz gozatzeko asmoz bildu diren horiek iritzia ematera animatzea, ez genuke presiopean sentitzerik nahi eta. Horregatik, publikoarentzat atsegina den ikuskizuna sortu dugu, baina, era berean, hausnartaraziko diena. Horretarako, Ekaitz Goikoetxearen laguntza izan dugu, eta lan bikaina egin du; testu, bertso eta olerkien bidez dantza saioa gidatuko du eta amaieran nahiko genuke hausnarketa batekin amaitzea. Emanaldia bizia izango da eta ilusio eta motibazio handiarekin gaude.

Esan daiteke, ikuskizun berritzailea dela?

Hori lortu nahi genuen, dantza ikuskizun berritzailea egitea. Ez dakigu zer erantzun izango duen, baina probatu egin nahi dugu. Aurre-estreinaldian ekainaren 20an izango da Villabonan, eta hilaren 26an Tolosan izango da aurkezpen ofiziala. Gainera, uda sasoirako baditugu beste hainbat emanaldi lotuta: Andoainen, Orion eta Hernanin.

Azken urtean, izurritea dela eta, kultur arloko emanaldi gutxi antolatu dira. Pixkanaka ari al da egoera aldatzen?

Bai, badirudi hasi dela sektorea martxa hartzen, baina azken urte honetan boladak izan direla iruditzen zait. Pasa den udan, esaterako, aire zabalean egiteko moduko ikuskizunek indarra hartu zuten; udazkenean geldialdia izan zen, eta Gabonen bueltan berriz ere hasi ziren ekitaldiak antolatzen. Dena dela, Gabonetako oporretatik bueltan gora egin zuen intzidentzia tasak eta berriz ere beherakada antzeman zen sektorean. Egoera epidemiologikoak eta horri aurre egiteko murrizketek zuzenean eragin dute kultur sektorean. Hala ere, guk geuk etenaldia sortzeko aprobetxatu dugu.

Kimua Dantza Kolektiboa talde berria da. Erraza izan al da egoera berezi honetan proiektua ezagutaraztea eta emanaldiak lortzea?

Guretzat mundu berri bat da hori. Orain arte, beste dantza konpainietan aritu gara, eta sortze prozesuan parte hartu izan badugu ere, dantzari rola genuen nagusiki. Beste konpainietan zuzendariak egiten ditu lan administratiboak eta promozioa, eta guk geuk ez genuen ezagutzen proiektu berri bat sortzerakoan egin behar den lana: izapideak, dirulaguntza eskaerak, promozioa, eragileekin harremanak sortzea… Pixkanaka ikasten ari gara. 

Hasieran aipatu duzu, hainbat artistekin kolaboratu duzuela hilabete hauetan. Kolaborazio hauek baliagarriak izan al dira Kimua Dantza Kolektiboa ezagutzera emateko?

Dantza munduan ibilbide luzea dugu, eta jendeak askotan ikusi gaitu eszenatokiaren gainean dantzan, baina ez gintuen norbanako bezala ezagutzen. Horregatik, Xabier Solanorekin eta Alos Quartetekin kolaboratzeak gure proiektua ezagutarazten lagundu digu, sare sozialetan oihartzun handia izan baitugu. Kolaborazio horietan oso harrera ona izan dugu,eta gustura gaude elkarlan horiekin.Beti esaten dugu: «ongi edo gaizki, gutaz hitz egiten bada, eszenatokiaren gainean gauden seinale da».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!