Itziar Urretabizkaia aktorearen 'Bost minutun' antzezlana estreinatuko dute Donostiako udako programazioan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 26a, 09:14

Abuztuaren 12tik 15era Donostiako Antzoki Zaharrean izango da ikusgai, eta sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko.

Donostian antzerki programa zabala antolatzen dute uda sasoirako, eta oraingo honetan Itziar Urretabizkaia aktore oriotarraren Bost minutun antzezlana estreinatuko dute euskaraz, Donostiako Antzoki Zaharrean. Abuztuaren 12tik 15era bitartean izango da obra ikusteko aukera eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

Antzezlanean Urretabizkaiak Nekaneren azalean jarriko da.  42 urteko emakumeak eta Koldo bikoteak haurdunaldi testa egin dute eta bost minutu falta dira emaitza jakiteko. Hainbat zalantza sortuko zaizkie protagonistei denbora tarte horretan: "Guraso izateko prest ote daude? Gurasoak izan nahi al dute? Aurrerapauso bat da edo amildegira jauzi bat? Nekanerentzat, 42 urterekin, bere azken aukera izan daiteke ama izateko. Koldok urte batzuk gehiago dauzka eta heldutasuna lortzeko behar duen aitzakia litzateke aitatasuna. Baina, hori al da nahi dutena? Datorrena datorrela...". Hala, ezkajintasuna, antsietatea, beldurra, itxaropena modukoak sentituko dituzte Nekanek eta Koldok Bost Minutun komedian.

Antzezlanean Itziar Urretabizkaia Andoni Agirregomezkortarekin batera taularatuko da eta Idoia Bilbaok zuzenduko du lana.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!