Kantuz eutsi nahi diote osasunari aurrerantzean

Iñigo Gaiton 2021ko eka. 30a, 08:10

Jendaurrean kantatzeko aukera izan zuen atzo Salatxo Abesbatzak, pandemiagatik isilik denbora luzea egin eta gero. Abestea buruko osasunarentzat onuragarria dela aldarrikatu du Igor Arroyo koruko zuzendariak.

Salatxo Abesbatzaren martxa gelditu egin zen iazko martxoan, beste koru askorena –eta munduaren zati handi batena– bezalaxe. Orioko Kosta Tailerrean astean bitan elkartzeari laga zioten abesbatzako kideek, eta ordutik, neurri murriztaileak tarteko, ez dute lehengo dinamika berreskuratzerik izan. 

Atzo, San Pedro egunean, meza nagusia kantatzeko aukera izan zuen koruak, eta oriotarrentzat seinalatua den egunean egin zuten itzulera. Elizkizuna bukatutakoan, hiru abesti gehiago ere kantatu zituzten organoaren laguntzarekin.

Igor Arroyo zuzendariaren hitzetan, «elkarrekin abesteko beharra» zuen koruko kide askok: «Azken hilabete hau izan da pandemia guztiko normalena guretzat. Lau astez entseguak egiteko aukera izan dugu elizako espazio zabala aprobetxatuz, eta gogo handiarekin ikusi dut jendea». 

Hilabete hauetan guztietan, abesbatza profesionalek izan dute aktibitatea berreskuratzeko aukera. Ez da Salatxoren kasua izan: «Neurri murriztaileak arintzen hasi zirenean, entseguekin berriro hastea onartu zitzaien profesionalei. Alegia, jarduera ekonomikoren bat —ordainpeko kontzertuak, adibidez— bazegoen tartean, uzten zuten lan egiten, baina bestela ez. Gure koruak halakorik ez duenez, ez digute utzi elkartzen».

Bi jardueren arriskua bera dela kontuan izanik, diskriminazio pixka bat egon dela iruditzen zaio zuzendariari. «Hala ere,  erabakiek errazagoak dirudite beti atzera begira jarritakoan, eta osasun neurriak kudeatu dituztenen lana oso zaila izan da», gehitu du. 

Onura psikologikoak
Astigarragako, Hernaniko eta Orioko koru desberdinetako zuzendaria da Arroyo. Urteetan ikusi ahal izan duenez, abestea eta astez asteko entseguen dinamika mesedegarria da jendearen osasun mentalarentzat. «Kantatzean, musikak beste dimentsio bat ematen dio abesten ari denari. Tresna ona da emozioak kudeatzeko, beste gauza askoren artean. Entseguak irauten duten tarteetan, eguneroko bizitzako arazoak ahazten dituzte abesbatzako kideek, eta horrek balio handia du. Horrez gain, koru bateko partaide izateak sozilizatzeko eta harremantzeko aukera ematen du. Horrek guztiak onurak eragiten dizkio osasun mentalari, zalantzarik gabe», mintzatu da.

Koruko partaideak ondo bilatu ditu eten luzearen ondoren. Gehienak bueltatu dira, eta hiru kide berri ere badituzte haien artean. Hala, 35 lagunek osatzen dute Salatxo orain. Garai berrietara egokituz, maskararekin abestera ohitu behar izan dute guztiek: «Itolarri puntua ematen du, egia esan, baina abeslarien gogoa horren gainetik egon da, eta ohitu dira dagoeneko». 

Aurrera begira
Orain, lehengo aktibitatea berreskuratzea da zuzendariaren nahia: entseguak irailetik aurrera, eta zintzilik geratu zaizkien kontzertuak ematea; Sorian, horietako bat: «Datorren udaberrian, posible bada...». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!