Xanti Zabaleta: "Aurtengo denboraldia luzea eta lehiakorra izango da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko uzt. 6a, 11:28
Argazkia: Joxemari Olasagasti.

Orio-Orialki emakumezkoen taldeko entrenatzaileak Euskotren ligako lehen jardunaldiko balorazioa egin du.

Larunbatean espero baino emaitza kaskarragoa izan bazuen ere, igandean estropadari buelta ematea lortu zuen Orioko emakumezkoen txalupak, eta banderarekin itzuli zen Galiziatik. Xanti Zabaleta taldeko entrenatzaileak azaldu duenez,  «oso gustura» daude emaitzarekin. «Ostiralean ezjakintasun handiarekin joan ginen Galiziara. Bidaia ona izan eta gero, larunbatean jokatu genuen lehen estropada. Gure maila eman genuen lehen jardunaldi horretan, baina sentipen gazi-gozoarekin geratu ginen, hirugarren postuan sailkatu ostean», azaldu du.

Igandeko jardunaldia, ordea, bestelakoa izan zen. «Hasiera batean, bandera lortzeko esperantza gutxirekin atera ginen. Txanda irabaztea genuen helburutzat, eta gure onena ematera atera ginen uretara, ligako sailkapenean puntuak ez galtzeko. Txanda irabaztearekin batera, ordea, bandera ekarri dugu etxera, eta, azkenean, asteburua borobil atera zaigu», aitortu du.

Dena dela, Zabaletak argi du estropadaz estropada joan behar dutela. «Denboraldia oso luzea izango da, eta ikusten da oso lehiakorra izango dela, gainera. Gaur irribarretsu gauden bezala, jakin beharko dugu emaitza kaskarrei aurre egiten eta buelta ematen».

Ligako lehen bandera irabazteaz gain, Zabaleta gustura dago aurtengoan harrobiko hainbat arraunlari gaztek debuta egin dutelako taldean: «Saiatzen gara esperientzia eta gaztetasuna talde berean uztartzen. Izan ere, proiektuari jarraikortasuna emateko ezinbestekoa da harrobia formatzea eta arraunlari gazteei aukerak ematea». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!