"Kanadako bero kolpea abisu bat da, beste askoren artean; klima larrialdiak azkar erreakzionatzea eskatzen du"

Iñigo Gaiton 2021ko uzt. 8a, 09:02

500 hildakotik gora izan dira Kanadan azken egunotan, ezohiko bero boladaren ondorioz. Klima larrialdiaz mintzatu da elkarrizketan Herrio Natur Taldeko kidea.

GARBIÑE MANTEROLA - Ingurumen Zientzietan doktorea

Kanadan izan den bero kolpeak datu eta irudi latzak utzi ditu.  

Gertatu denaren larritasuna agerikoa da. Dena den,  analisi zabalagoa egin nahi bada, beste fenomeno batzuk ere hartu behar dira kontuan. Afrikan, adibidez, jende gehiago hiltzen da klima aldaketak eragindako lehorteen ondorioz, eta hedabideetan ez da horri buruz asko hitz egiten. 
Kanadara itzuliz, eta baliabideak dituen herrialdea dela kontuan izanik, izugarria da beroagatik hainbeste jende hil izana. Gizartearen kontzientzia pizteko balio behar du gertatu denak.

Zer nabarmenduko zenuke herrialdea jasaten ari den muturreko fenomenoaz?

Ezohikoa izan dela. Tenperaturei bakarrik erreparatuz gero, munduko toki jakin batzuetan izaten da halako berotzarra; desertuetan, esaterako. Kanadan, ordea, aurretik ez da halakorik erregistratu.  

Adituek ohartarazten dutenez, halakoak maizago izan daitezke  klima aldaketaren ondorioz. Hain larria al da bizi dugun egoera?

Bai. Zientzialariek mahai gainean dituzten datuak kontuan izanik, azkar erreakzionatzeko garaia dela argi dago. 
Ekonomikoki botere handiena dutenek —AEB, Txina eta Europa, besteak beste— premiazko  gaien artean kokatu dute klima larrialdia, eta horientzat halako garrantzia hartu duenerako, egoerak larria izan behar du derrigorrean.  
Muturreko fenomenoak betidanik existitu dira. Etorkizunean, ordea, maizago gerta daitezke,  modu indartsu edo latzagoan, eta hori da arazoa. Kanadan bero bolada izan da, baina hemen  beste forma batekin ere ager daitezke: uholdea, muturreko hotza, lehortea… Ez dago jakiterik.

Arazoak atzerabueltarik ez duela irizten dionik ere bada.
Ez dut erantzuteko ezagutzarik. Zientzialariak eta ikerlariak hori aztertzen ari dira, eta zaila da ondorio zehatzak ateratzea, besteak beste, ez dagoelako aurrekaririk. Historian ez da existitu lurra gizakiak bezala ustiatu eta tratatu duen espezierik. 

Mundu mailan hartu behar diren neurrien artean, zein da zure ustez lehenetsi behar dena?

Ingurumenaren zaintzari bakarrik erreparatuko bagenio, materialen ustiaketa, plastikoaren erabilera etab.  erabat geratzea izango litzateke onena, baina gizartea antolatuta dagoen modua kontuan izanik,  ez litzateke bideragarria. Pentsa, bihar bertan erregai fosilak erabiltzeari utziz gero, nola egingo luke anbulantzia batek erietxerainoko bidea? Ibilgailuen ehuneko handiena ez da elektrikoa oraindik. Eta horrela, ehundaka adibide jar daitezke.
Momentu honetan, trantsizio energetikoari abiadura handiagoa ematea da gakoa. Elektrifikazio prozesua azkartu egin behar da, eta aldiberean, erregai fosilen kontsumoa gutxitu.

Zer kontzientzia maila ikusten duzu inguruan?

Gaur egun, gehiengoak badu klima larrialdiaren berri, gehiago edo gutxiago. Dena den, askotan azalean geratzen garela iruditzen zait, bertan goxo. Etxeko hondakinak birziklatze hutsa nahikoa dela pentsatzea ohikoa da, adibidez, arazoa konpontzen laguntzeko. Egoeraren larritasuna kontuan izanik, gehiago egin behar dugu. Beti da hobea zerbait egitea ezer ez baino, baina  momentu honetan urrats bat gehiago eskatu behar diogu geure buruari une oro. Hala ere, ezin da ardura guztia norbanakoen esku utzi. Jendeari erakutsi egin behar zaio klima aldaketaren aurrean nola jokatu eta eguneroko bizitzan zer aldatu daitekeen. Erakundeek informazio xehe eta fidagarria eman beharko lukete oso maiz,  besteak beste, gure kontsumo ohituren inguruan. 

Gaia Orion kokatuz, aldaketa klimatikoak zer eragin izan dezake herrian?

Herrigunearen zati handiena erriberaren gainean eraikita dago, eta herriak errioa du inguru guztian. Itsas mailaren igoera da aurreikusten den  ondorioetako bat, eta hori ez da kontuan izan orain arteko hirigintza planetan. Urbanizatuko den hurrengo gunea Dike eremua da, eta horrek asko esaten du. 
Kezkatzeko arrazorik ez zaigu falta, klima aldaketaren ondorioak guk uste baino lehenago ager daitezkeelako hemen ere. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!